Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten 251 udalerrietan 2.695 hautesleku egongo dira herritarren eskura. Eta Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Autonomia Erkidegoko 1.712.301 herritar eta atzerrian bizi diren beste 82.911 daude botoa ematera deituta. Horietatik guztietatik 14.906 herritarrek botoa lehenengoz emateko aukera izango dute. Durangaldeari dagokionez, eskualdeko 63.045 herritar daude hauteskundeetara deituta. Euretariko 1.635 atzerrian bizi diren herritarrak dira.
Durangaldeko ordezkaritza
Behin betiko emaitzak gaur gauean jakingo diren arren, itxura guztien arabera Durangaldeko hainbat politikarik lortuko luke ordezkaritza Eusko Legebiltzar berrituan. EAJri dagokionez, Elorrioko Mikel Arruabarrena eta Durangoko Josune Escota zinegotziak zazpigarren eta zortzigarren doaz, hurrenez hurren, Bizkaiko zerrendan. EH Bildun, Arabako hautagaitzaren buru izango da Pello Otxandiano lehendakarigaia, eta Ima Garrastatxu Durangoko alkate ohia Bizkaiko hautagaitzako lehenengoa izango da. Hirugarren lekuan Julen Arzuaga berriztarra dago. Elkarrekin Podemosen, Miren Gorrotxategi durangarra borrokatuko da lehendakari izateko, eta Isa Gonzalezek hautagaitza errepikatuko du, zerrendako hirugarren postuan. Alba Gutierrez zinegotzi zornotzarrak hirugarren lekua du Sumar alderdiaren Bizkaiko hautagaitzan. Juan Carlos Poderosok, autobideko bidesariaren kontrako ekintzaileak, Izan koalizioa ordezkatuko du. Zerrendako bigarren lekuan ageri da. Esandako moduan, gaur gauean argituko dira zalantza guztiak. Orduantxe diseinatuko da Legebiltzarreko ordezkaritza, eta handik aurrera ikusiko da nor egiten duten lehendakari.