Grabagailua oraindino martxan ipini ez, eta egunotarako aproposa den titularra eman didazue ia-ia: "Korrika dagoenik eta gauzarik ederrena da".
Maritxu Ugarte: Izan ere, halantxik da. Korrikaren modukorik ez dago. Ez dago mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den horrelako egitasmorik.
Nieves Aranoa: Bat nator Maritxugaz. Euskal Herriaren osotasuna ikusten dut Korrikan. Autonomia Erkidego, Foru Erkidego eta Departamentu izateari utzi eta Euskal Herria, euskararen herria, izatera igarotzen gara. Berdin Maulen zein Erriberan.
Orain bai, orain AEK-k eta Korrikak ibilbide mardula dute. Baina zuek zelan hasi zineten bertan?
M.U.: Ni Justo Alberdiren eta Kristina Mardarasen bitartez heldu nintzen AEKra. Mendebaldeko euskalkia erabiltzen dugunez, hasieran gatx egin zitzaigun euskara batura moldatzea. Gainera, etxean beste oztopo bat nuen. Senarragaz egundoko ika-mikak izaten nituen gau eskolara eta batzarretara iluntzeetan edo gauez joaten nintzelako. Esaten zidan ezin nuela halakorik egin. Eta, hara, azkenerako banatzea erabaki genuen. Lehenengo, euskaraz alfabetatu behar izan genuen, gero euskara irakatsi ahal izateko.
N.A.: Nire kasuan, Traña-Matienatik Durangora etorri nintzenean hasi zen dena. Umeak Kurutziaga ikastolara joan eta euskara ikasten zebiltzala ikustean, neure artean pentsatu nuen: "Nik ere euskara ikasi behar dut. Berba ondo egin arren, alfabetatu egin behar dut". Gerora, hango irakasle batzuek irakaskuntza lanetan hastea proposatu zidaten. Horixe izan zen nire lehenengo betebeharra, umeen gurasoei euskara irakastea. Astean birritan ematen nituen eskolak, iluntze-gauetan.
Euskaltegiak, gau eskolak, pedagogia... garai hartan dena zegoen egiteko.
N.A.: Den-dena. Batean idatzi, bestean idatzi, materiala prestatu, arbelagaz lan egin. Euskaltegian ez zegoen fotokopiagailurik. Urte bat edo bi Kurutziagan egin genituen, eta gero Pinondo Etxera joan ginen. Gau eskolan sarritan ibili nintzen irakasle; 20:00etatik 22:00etara ematen nituen eskolak. Ikasleak oso motibatuta etortzen ziren, gogo bizia zuten euskara ikasteko, eta oso klase onak ziren. Gaur egun beste motibazio batzuk daude, tituluak edo beste batzuk.
M.U.: Nire ikasle batzuek, orduan euskararik egundo batere entzun bakoak, euskara ikasi eta unibertsitate ikasketak euskaraz egin zituzten. Jendea gogo handiagaz etortzen zen euskara ikastera. Behar egin eta gero etortzen ziren euskaltegira.
N.A.: Gaur egun baliabide ugari dago AEKn, asko profesionalizatu da. Ibilbide ederra egin du, nahiz eta oraindino asko dugun egiteko, erabileran batez ere. Kezka itzela dut horregaz. Ni orain dela 52 urte etorri nintzen Durangora, eta garai hartakoagaz alderatuta gaurko Durango askoz ere euskaldunagoa da. Baina erabilerari dagokionez, buelta bat ematera irteten duzu eta...
M.U.: ... eta euskaraz egiten duten gazteak badauden arren, askok erdaraz egiten dute euren artean. Horrek asko ernegatzen nau.
Noiz arte ibili zineten AEKn?
N.A.: Jubilatu arte. Durangon hasi arren, gero Eibarko AEKra joan nintzen beharrera. Hiru hamarkada egin ditut AEKn irakasle. Oso oroitzapen onak ditut, pozik egon naiz beharrean.
M.U.: Nik ere hiru bat hamarkada egin nituen irakasle. Baina jubilatu aurreko azken bederatzi urteak umezain egin nituen, Elorrion.
Gaur egun Korrika zer den gauza jakina da, baina zuek lehenengo edizioa ezagutu eta antolatu zenuten. Gauza berria garai hartan, ezezaguna.
N.A.: Dirua falta zela-eta lasterketa bat antolatzeko ideia sortu zen AEK barruan. Azaltzen ziguten lekuko bat eskutik eskura pasatuta egingo zela, baina, jakina, horrelako zeozer irudikatzea gatx zen garai hartan. Bestalde, egoera politikoa oso gogorra zen, eta AEKrentzat ere garai gogorrak izan ziren. Korrikaren lehenengo edizio hura benetan hasiko ote zen, debekatu egingo ote zuten... kezka hori genuela dut gogoan. Gero, batera eta bestera ibiltzen ginen Korrikan parte hartzea eskatzeko, eta ezezkoak jasotzen genituen.
M.U.: Antolatzekoa zen hori zer ote zen galdetzen genion geure buruari. Orain badakizu Korrika nondik nora dabilen, baina sasoi hartan ordu biko atzerapenak egoten ziren. Itxaron eta itxaron. "Etorriko ote da?", pentsatzen genuen. Zenbat kilometro santu egingo ote nituen hemendik Eubara, Eubatik Abadiñora, jendea nondik zebilen ikusteko.
Izan duzue inoiz lekukoa eroateko ohorerik?
M.U.: Behin eroan dut eta itzela izan zen. Iurretako Batzoki parean hartu eta Maspe aldera eroan nuen. Uste dut negar batean egin nuela tarte guztia.
N.A.: Nik ere behin eroan dut. Kurutziaga ikastolaren parean hartu eta Pinondo aldera eroan nuen. Emozio handia sentitu nuen, oso hunkituta nengoen. Magikoa da lekukoa eroatea, bizi beharrekoa.
Korrikak Durangaldeko herririk gehienak zeharkatuko ditu gaur. Zein izango da zuen plana?
N.A.: Nik lagun artean afalduko dut lehenengo. Milarenean afalduko dugu, Mesoi Barrian. Eta gero, Korrika Durangora ailegatzen denean, ahal bezain beste egingo dut arineketan.
M.U.: Ezin dut korrikarik egin, baina harrera egitera irtengo dut kalera. Datorrenerako, nondik edo handik baten bat topatu behar dut Korrikari harrera egiten lagundu diezadan.