23. Korrika

"Guretzat nahikoa sasoi estresagarria da, gure egunerokotasunari orain karreraren antolaketa gehitu behar diogulako"

Jone Guenetxea 2024ko mar. 12a, 15:30

Ziortza Aldekoa-Otalora, Esther Garitaonandia eta Miren Iturriagatxebarria.

AEK-ko langileak buru-belarri dabiltza Korrikaren antolaketan. Kilometro guztiak bideratzea, petoak banatzea, herrien arteko koordinazioaz arduratzea, egitaraua lantzea... Lan handiko egunak dira Ziortza Aldekoa-Otalora, Esther Garitaonandia eta Miren Iturriagaetxebarria AEK-ko irakasleentzat, baina, batez ere, emozio handikoak. Aurten, edizio berezia izango da hirurentzat, metro batzuk Julio Aranguena AEK-ko irakaslearen omenez korrika egingo dituztelako.

Zelan doa Korrikaren prestaketa?
Ziortza Aldekoa-Otalora: Badoa. Guretzat nahikoa sasoi estresagarria da, gure egunerokotasunari karreraren antolaketa gehitu behar diogulako.

Zelan bizi dituzue Korrika heldu aurreko egunak?
Miren Iturriagaetxebarria: Nahikoa urduri, egia esan. Beti izaten dut sentsazioa gauza asko falta dela lotzeko, eta badatorrela. Baina gero, urteen eskarmentuagaitik edo, ondo irteten du eta eginbeharrekoak lotuta izaten ditugu.
Esther Garitaonandia: Korrika txikiak egin, bide bazterrak markatu, deiei erantzun, azken ordukoei aurre egin... Ez da samurra izaten.
Z.A.: Oso egun gogorrak izaten dira. Egunak 48 ordu balitu ere, faltan izango genituzke.

Zenbat urte daramatzazue lan hori egiten?
M.I.: Ez dakit seguru esaten, baina hogeita hamar bat urte daramatzat AEKn; beraz, hamabost bat edizio. Badira batzuk!
E.G.: Neu ere Mirenen antzera. AEKn hasteaz batera, KORRIKA etorri zitzaidan gainera, 7.edizioa hain zuzen ere.
Z.A.: Behar honetan, hiruretan berriena naiz. Barrutik bizi izan nuen lehenengoa 11. KORRIKA izan zen; beraz, aurtengoa hamahirugarrena da.

Beti bizi izan duzue herri mailan ala ibili zarete inoiz furgonetan eta beste lan batzuk egiten? Zelakoa da lan hori?
M.I.: Nik beti bizi izan dut herri mailan. Hala ere, azken lau-bost edizioetan furgoneta aurrean doan kotxean zeharkatu dut Durangaldea, eta beste era batera bizi izan dut. Gure kasuan, jendea gure atzean datorrenari begira dago guri baino gehiago; hala ere, musika eta zarata dexente ateratzen dugunez, lortzen dugu jendearen emozioa ikustea, gu pasatzen garenetik lasterrera hartuko dutelako lekukoa edota batuko direlako lasterketara.  
E.G.: Ni Durangon aritu naiz beti. Furgonetan petoak saltzen baino ez.
Z.A.: Ni Iurretan eta Elorrion. Urteren batzuetan biak koordinatu beharra egokitu zait, eta KORRIKAren aurretik Txatok eta Lobok ateratzen zuten furgonetan bueltatxoa egiteko aukera izan dut. Giro ederra egoten zen!

Zein bilakaera izan duela uste duzue AEKn hasi zineten urteetatik hona?
E.G.: Gaur egun, Korrikak askoz ere oihartzun handiagoa dauka; euskararen alde antolatzen dugun ekitaldi erraldoi hau ezagunagoa da orain (atzerrian ere baditu hainbat ahizpa). Sasoi batean, kostatu egiten zen lekuko eroaleak lortzea. Orain askoz ere errazagoa da, eta orain nekeza da eroale guztiei tartea eskaini ahal izatea.

Harrera ezin hobea izaten du. Zuek ere horrela bizi duzue kilometroak antolatzerakoan?
M.I.: Bai, orokorrean geroago eta laguntza handiagoa dugu, baina ez dezagun ahaztu euskararen normalizazioan eragitea dela helburu nagusia, eta oso karrera zirraragarria den arren, egunerokotasunean egin behar dugu euskararen alde.

Euskararen aldeko ekimenen artean, errotuen dagoena izan daiteke, baita parte hartzaileena ere. Zergaitik izan daiteke hori?
Z.I.: Ekimen hutsari begiratuz gero, batzea erraza delako izan daiteke izan lekuko eramaile, izan korrika laguntzaile, edo karrerako parte hartzaile. Baina ekintza honek, beste hainbatek legez, konpromiso batzuk ekarri behar ditu denon aldetik. Eta hor hankamotz gabiltza oraindino.

Emozioz beteriko uneak bizitzen dira Korrikaren inguruan. Zuek bizitako zeintzuk momentu nabarmenduko zenituzkete?
M.I.: Orokorrean, hasiera eta amaiera oso hunkigarriak dira. Gure eskualdera etorrita, Berrizen 100 urteko andre ezagun batek egin zituen metroak ditut gogoan, esaterako.
E.G.: Atzera begira, Egunkaria itxi zuteneko amaiera hura ekarriko genuke gogora. Baina uste dugu guretzat hirurontzat aurtengoa izango dela berezia, gure Julioren omenez metro batzuk egingo ditugulako, Durangoko erdigunean, Madalenan.

Zer esango zeniekete herritarrei?
M.I.: Martxoaren 20an Zaldibarren, eta martxoaren 22an gainerako herrietan irten daitezela Harro Herri lelopean arineketan egitera, euskaraz eta euskararen alde. Eta biharamunean jaiki daitezela bezperan esandakoak gogoan. Gure esfortzua askoren gozamena izan dadila! Durangaldean ere Harro Herri!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!