Ernaik 'Durangaldea arriskutik borrokara' dinamika garatuko du datozen hilabeteetan

Anboto 2024ko ots. 29a, 11:31

"Gure bizitzetan eragiten duten aldagaien gaineko erabakimen osoa behar dugu gazteontzako bizitza duinak era integralean eskuratzeko", azaldu dute.

Ernai gazte antolakundeak Durangaldea arriskutik borrokara dinamika abiatuko du eskualdeko herrietan, "Euskal Herriko gazteek bizitza duinak lortzeko" dituzten "oztopoen" aurrean "eragiteko". Egitasmoaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten Zornotzako Zelaieta parkean. 

Ernairen iritziz, "gero eta bortitzagoa bihurtzen dabil bizitzaren eta kapitalaren arteko talka", eta egoera horren ondorioak "modu nabarmenagoan" igartzen dituzte gazteek. Aurre egin beharreko oztopoen artean zerrendatu dituzte "prekarizazio prozesu orokortua", gazteen "lan-indarraz aberasten diren eta prekarizatzen dituzten enpresariak", "hogeita hamar urte bete aurretik ia ezin emantzipatzea", "adierazpen askatasunaren kontrako etengabeko oztopoak" eta "errealitateak buru osasunean duen eragina". 

Hori guztia dela eta, gazte antolakundeak dinamikak hasiko ditu Durangaldeko herrietan, "aterabideak eta alternatibak" garatzeko. "Gure bizitzetan eragiten duten aldagaien gaineko erabakimen osoa behar dugu gazteontzako bizitza duinak era integralean eskuratzeko", azaldu dute ohar bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!