Iñaki Bidarte Garcia-Ariño: "Euskal Herriaren erakusgarria"

Iñaki Bidarte Garcia-Ariño 2024ko ots. 20a, 15:37

Iñaki Bidarte Garcia-Ariñok Athletic-en ereserkiaren gaineko hausnarketa egin du ondoko iritzi artikuluan. Kezkatuta dago ereserkiak indarra galtzen duelako une batetik aurrera. "Jendearen kantua ahulduz doa desagertzen den arte. Erdizka gelditzen da".

Bizkaia. Bilbo. San Mames Berria. Partidu eguna. Kaleetan giro aparta. Usain berezia. Irabazteko gogoa. Borrokarako grina. Dena duzu prest: bufanda, bokatak eta eztarria. Ahotsa taldea animatzen hasteko erne. Lehenengo aldia edo beste asteburu bat dela, berdin dio horrek, zelaira hurbiltzen ari zarela betiko urduritasuna berdegunean gerta daitekeen ezezagun horren aurrean. Garaipena? Porrota? Ikuskizun eskasa? Gola falta? Askotan norberak duen egonezin hori kontrola ezin dituen gauzengatik dator. Jokalariak ohituta daude milaka jenderen aurrean jokatzen, zale horien guztien iritziak eta oihuak ezerezean geratzen dira jokatzen hasi eta minutu batzuetara. Ohitura, zenbaitek dioten bezala. Zelaiko atetik sartu eta zure eserlekura zoazen bitartean urduritasun hori areagotzen doa barruan dagoen jendea zu bezain aztoratua ikustean, igartzen den zerbait da, batez ere partidua garrantzitsua bada. Partidua hasi baino lehen iluntasuna. Argien ikuskizun paregabea atzealdean txalaparta soinuarekin. Minutu batzuk geratzen direla norgehiagoka hasteko jokalariak zelaira ateratzen dira, partidua orduan hasteko. Zelai osoa batzen duen abestia. Athleticzale guztien orroa. Gure ereserkia: “Athleeeeeeeeeeeeeetic…!” Bufanda bi eskuekin helduz gora. Hotzikarak. Gorputzeko ile guztiak puntan. Kopa eta txapelketa europarra erditik ez dauden bitartean bi asterik behin entzun daitekeen soinu zirraragarria. Zoramena. Ordea, momentu batean dena eteten da. Bozgorailuetatik ez da soinu gehiago ateratzen. Markagailua jartzen duten bi pantailetan ereserkiaren letra dago oraindik agerian, karaoke baten antzera, baina jendeak kantatzeari uzten dio. Indar guztia galtzen du aurretiko denbora txiki horretan irabazitako denak. Jendearen kantua ahulduz doa desagertzen den arte. Erdizka gelditzen da. Indargabetze horren ostean txaloak etorri ohi dira baina zerbait falta zaio, amaiera irmo bat, kolosala, denok batera. Zergatik? Zelaira doazen guztiek ez ote dakite ereserki osoaren letra edo? Benetako arrazoiaren ezagutza falta. Mistikotasunera itzuliz, San Mames zaharrean areagotu egiten ziren jendearen ahotsak abestia aurrera zihoala, bufandak airean oraindik zeudelarik. Guztion eztarrietatik aldi berean amaiezina zirudien kanta abestu egiten zen : “Athletic gorri-zuria, geuria”. Hau bukatuta txalo zaparrada, harmailetan sekulako marmarra eta epailearen txilibitu soinua entzuteko zirrara. Partidua hasi baino lehen zaleek lehen gola sartzen zuten. Ez diot orain ez denik partiduan zehar animatzen, ez. Partidu aurreko kalejira eta etxeko taldearen autobusari egiten zaion harrera apartak dira baita gaur egun ere, baina zerbait falta da. Otsailaren 29an zelaia infernu bihurtu nahi baldin badugu taldeari kopako finalera bidea urratzen laguntzeko eta partidua hasi baino lehen berton gaudenok lehen gola sartzeko, guztiok jakin beharko genuke gure ereserkia hasieratik amaierara. Igarri dadila zein den gure nortasuna eta zein den euskal herriaren erakusgarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!