Miren Gorrotxategik Ahal Duguren primarioetarako hautagaitza aurkeztu du

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 25a, 17:16

Politikari durangarrak Elkarrekin Bai barne-hautagaitza aurkeztu, eta talde morea ipini du "justizia soziala eta zerbitzu publikoak defendatzeko berme" modura. Eguerdi honetan egin dute ekitaldia, Olajauregi hotelean.

Alderdi politikoak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako posizioak hartzen dabiltzan garaiotan, Ahal Duguko kideek mugimendu berri bat egin dute joko zelai politikoan. Miren Gorrotxategik Elkarrekin Bai hautagaitza aurkeztu du alderdi barruko primarioetarako. Durangoko Olajauregi hotelean egin du aurkezpen ekitaldia, eskualdeko eta eskualdetik kanpoko militanteak lagun.

Gorrotxategiren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa "ziklo politiko berezi baten atarian" dago, eta ezinbestekotzat jo du "zerbitzu publikoen defentsa irmoan" jarraitzea. Osakidetza eta hezkuntza izan ditu ahotan. Ekonomiaren atalean, berriz, "justizia fiskalik ez" dagoela, eta "industria sarearen %7 hamarkada batean galdu" dela adierazi du. Bestalde, turismoaren industria bultzatzeko asmoek "kalitatezko enpleguari eragin" diezaieketela, eta "2021tik hona herritarren eros ahalmena %5 galdu" dela gaineratu du. 

Kritikak PSE-EEri, EH Bilduri eta EAJri

Gorrotxategik "arduraz" jokatzeko deia egin du, eta talde morea ipini du "justizia soziala eta eskubideak bermatzeko" irtenbide modura. "Ezinbestekotzat" jo du "Ahal Duguren espazio politikoa sendotzea". Horrez gainera, beste alderdiei ere zuzendu die kritika. Batetik, alderdi sozialistari: "PSE-EEk dio EAJ agortuta dagoela, baina urteak daramatza jeltzaleen politika neoliberalak babesten. Bide horretatik, zelan etorriko da aldaketa?", galdetu du. "EH Bilduk, berriz, ziklo aldaketa bat beharrezkoa dela dio. Baina atzo bertan argi utzi zuten haien bazkidea EAJ dela. Euren esanetan alderdi aurrerakoa da. Hau ez da aldaketa. Hau indar hegemonikoen kokapen berri bat da", kritikatu du politikari abadiñarrak. Beste "40 urtez EAJ agintean ez egotea" gura duela ere aitortu du.

Lau urtean bozeramaile

2020ko hauteskundeetatik hona, Gorrotxategi da Elkarrekin Podemos - IU alderdiko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Bere hitz hartzean lau urte hauetan egindako lorpenetako batzuk aipatu ditu: "Gutxieneko Diru Sarreren Errentari loturiko lege berria 18 urtera arte aplikatzea lortu dugu. Berdintasun legeari dagokionez, Gurasoen Alienazio Sindrome faltsuaren aplikazioa debekatzea lortu dugu", adierazi du. Aurrean zabaltzen den joko zelai politiko berrian "momentuko erronkei ilusioagaz eta esperientziagaz" begiratzen diela gaineratu du Gorrotxategik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!