Garciak Jaurlaritzara eramango dituzten eskaeren berri eman du: anbulantzia medikalizatua eta ospitalea, eskualdeko biztanleek "gehien" eskatzen dituzten neurriak direlako. Anbulantzia medikalizatuaren harira, 1.700.000 euroko emendakin bat planteatu dute. "Osasunaren Munduko Erakundeak 50.000 biztanleko anbulantzia bat izatea aholkatzen du. Bada, Durangaldean 100.000 biztanle daude. Sarritan Arrasateko edo Gernikako anbulantziak etorri behar dira", azaldu du Garciak.
Bestetik, Osakidetzako aurrekontuei beste emendekin bat jarriko diete. Kasu horretan, 100.000 euroko diru atala sartzea eskatzen dute Durangon eskualdeko ospitalea egiteko azterketa bat "lehenbailehen" martxan jartzeko. Azterketak zehaztuko lituzke Durangon osasun arloan dauden beharrak, eskualdeko zonaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren berrantolaketa eta ospitalaren Durango barruko kokapen onena, besteak beste.
Doako autopista, Aldundirako eskaera
Aldundian, berriz, A8-ko bidesaria kentzea eskatuko dute. "Ez da justua amortizatuta dagoen errepide batengatik kobratzen jarraitzea", Raquel Gonzalezen esanetan. Doakotasuna herriko komertzioarentzat eta ostalaritzarentzat ere onuragarria izango litzatekeela azaldu du, "bezero potentzialak" herrira etortzea "erraztuko" lukeelako.