[ARGAZKI GALERIA]: Zorionak, Anboto! Durangaldeko euskarazko komunikazio proiektuak 22 urte egin ditu gaur

ANBOTOko lantaldea 2023ko aza. 9a, 13:50

22 kandela ipini ditzakegu gaur ANBOTOren zorionetako pastelean. Eta denak batera putzaldi bakarragaz amatatuz gero, desio potolo bat eskatzea ere tokatuko litzaiguke. Bi hamarkada baino gehiagotan lorturikoa itzela da eta aurrera begira ere badago zer egin. Desinformazioaren aroan, hedabideon lana inoiz baino garrantzitsuagoa da. Kalitatezko informazioa bertatik bertara landuta, komunitatetik komunitatearentzat. Horixe da gure lanaren esentzia: 0 kilometroa euskara ardatz hartuta.

Orain 22 urte, harpidetza kanpaina betean furgoneta bategaz eskualde osoa zeharkatu genuen egitasmoari zabalkundea eman guran. 11 herriren informazioa lantzen hasi ginen. Geroago, Mallabira eta Zornotzara ere heldu ginen. Aldaketa etengabea bizi du kazetaritzak. Digitalizazioak guztiz aldatu ditu kontsumo ohiturak, eta horrek webgunean inoizko ahaleginik handiena egitea eragin du. Hurrengo erronka inteligentzia artifizialarena da. Gaur egun, paperean 12.000 ale kaleratzen ditugu barikuro, eta webguneko bisitak ere gorantza doaz. Pandemia sasoian webguneko datuak bikoiztu egin ziren. Igarri genuen gure komunitatea adi zegoela informazio fidagarria irakurtzeko gogo eta beharragaz. Baina ezin gara lokartu. Hedabideen mundua ziztu bizian aldatzen dabil, eta olatu horri heldu behar diogu, ezinbestean.

Amaitzeko, eskerrik asko! erraldoi bat bidali gura dizugu, irakurle, hau guzti hau ez litzatekeelako posible izango milaka lagunen ekarpenari eskerrak ez balitz. Irakurleak, Anbotokideak, babesleak, kolaboratzaileak, langileak, urte hauetan proiektuaren parte izan diren profesionalak, instituzioak eta Durangaldeko eragileak, besteak beste. Proiektuan sinistu duzue eta komunitate hori oinarrian izateak zentzua ematen dio hedabide honen lanari. Eskerrik asko bihotz-bihotzez!

ANBOTOren lantaldea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!