Mankomunitate osatu berriak bere lehenengo erabakiak hartu ditu iluntze honetan. Dekretu bidez halantxik erabakita, aurrekontuko soberakinetik 400.000 euro hartu eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratuko dituzte. Idoia Otaduyk ohar bidez azaldu duenez, "lehen egunetik" hasi gura izan dute gizarte zerbitzuen arloa "indartzen". "Lehentasuntzat" jo du sail hori, eta azpimarra egin du "bereziki zaurgarriak diren taldeen beharrizanak" zaintzean.
Gainerakoan, arratsalde honetan Astolako Etxean egindako osoko bilkuran, Mankomunitateko egiturari loturiko erabakiak hartu dituzte. Euretariko bat presidentearen eta presidenteordearen soldatak zehaztea izan da. Idoia Otaduyk lanaldi osoz jardungo du, urtean 51.955 euroko soldata gordinagaz. Azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten pareko karguei dagokiena baino %33 gutxiago" jasoko du. Ainara Otxotorena presidenteordeak, berriz, %30eko dedikazioagaz jardungo du, urtean 11.556 euroko soldata gordinagaz.
Liberazio heren hau Mankomunitateko egituraketa berriak utzitako berrikuntzetako bat da, aurreko legealdian ez zen eta halakorik egon. EAJko Oskar Kokak liberazio berri hau kritikatu, eta soldata bietara bideratzen den diru kopurua "igo" egin dela esan du. EH Bilduko Aitor Lopezek erantzun egin dio, eta azaldu du "lehenengo presidenteak jasotzen zuen diru kopuru berdinagaz liberazio bat eta heren" antolatu dutela. Mankomunitateko idazkariak argitu du lehengo eta oraingo kopuruen arteko igoera %0,5ekoa dela, eta 2022ko abenduaren 31eko kopuruak izan dituztela oinarritzat. Neurri honen alde egin du koalizio subiranistak, eta kontra talde jeltzaleak.
Batzordeak eta maiztasunak
Mankomunitateko osoko bilkurak hiru hilabetean behin egitea onartu dute ordezkari politikoek. Durangoko Elkartegian egingo dituzte. Horrez gainera, hiru informazio batzorde eratuko dituzte (antolakuntza, herritarrak, tokiko garapena eta hondakinak), eta hiru hilabtean behin batuko dira. Horietan, 3 ordezkari izango ditu EH Bilduk, 2 EAJk eta bana Garaiko Herriko Taldeak eta Abadiñoko Independente Berriek. Azken hauen ordezkari Jose Luis Navarro ez da gaurko osoko bilkuran egon. Bestalde, Idoia Otaduy presidentea izango da Mankomunitateak EUDELen eta DEK Durangaldea Enpresa Ekimenean izango duen ordezkaria.