Euskalgintzaren Kontseiluak manifestaziora deitu du azaroaren 4rako Bilbon, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Ekimenari bultzada emateko asmoz, Durangaldeko euskalgintzako hainbat eragile Ezkurdin batu da mobilizazio horri atxikimendua adierazteko. EHE, Berbaro, ANBOTO, Gerediaga, AEK eta udal euskaltegiaz gainera, Durangoko ikastetxeetako hainbat ordezkarik bat egin dute deialdiagaz. Hartara, eskualdeko euskaltzaleei dei egin diete Bilboko kaleak betetzera azaroaren 4an. Manifestazioa 17:00etan irtengo da Euskaldunatik, eta Bilboko udaletxean egingo dute amaiera ekitaldia. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek.
Euskararen normalizazioaren kontrako epai sortagazko desadostasuna agertu dute Kontseiluaren kide diren eragileek. "Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena, Nafarroako hainbat udaletakoa, edo euskara hizkuntza zailegia dela argudiatu zuen Laudioko sententzia" gogoratu ditu Kontseiluak, besteak beste. Uztailaren 6an "oldarraldiak" beste koska bat gora egin zuela azaldu dute: Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuz. "Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gainera, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengo zabal-zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak", esan du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.