Lehenengo aldia da Durangaldean Etxera Eguna antolatzen duzuena. Zelan sortu da aukera?
Urteetan zehar presoen eta iheslarien eskubideen aldeko ekimenak egin ditugu eskualdean. Durangaldea erreferente izan da honelako ekimenetan. Eskualdean bederatzi preso eta iheslari bat daude, eta argi geneukan eskualde lez antolatu behar ginela. Azken urteekin alderatuta egoera nabarmen aldatu eta hobetu bada ere, oraindino salbuespen legediaren menpe daude gehienak, espetxean edo Euskal Herritik kanpora. Helburua lehengo bera da: denak etxera ekartzea.
Kontatu apur bat zer antolatu duzuen.
Goizerako manifestazio bat antolatu dugu. Durangotik Iurretara izango da, eta Iurretan ekitaldia, bazkaria eta bazkalostea egingo ditugu. Bazkaria berezia izango da; janari goxotik aparte, bazkaloste girotu bat prestatzen gabiltza. Horren ondoren, jai-giroan bueltatuko gara Durangora, eta Alde Zaharretik elektrotxaranga bat ibiliko da. Eguna DJ Kukugaz amaituko dugu, Intxaurren.
Eskualdeko hariak lotzen lagunduko du egunak?
Hasieratik argi eduki dugun asmoa izan da eskualdean lan egitearena. Gehienak durangarrak badira ere, herri guztietan dago preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiteko nahia eta asmoa.
Modu honetan, hartu-emanak eta loturak berregin ditugu, eta baita sare berriak ehundu ere. Hileak daramatzagu elkartzen eta berba egiten. Eurek ere parte hartuko dute, eta, lan handia hartu badugu ere, polita izaten ari da.
Sarek marko berri bat zabaldu zuen orain hile batzuk. Zertan datza?
Mezua argia eta zuzena da: salbuespen egoerari amaiera ematea. Ez gabiltza inpunitatea eskatzen, ezta tratu berezirik edo pribilegiorik ere.
Zein da Durangaldeko preso politikoen egoera?
Durangaldean bederatzi euskal preso daude. Horietatik bakarra dago baldintzapeko askatasunean, eta beste bat hirugarren graduan. Gainerako guztiak espetxean daude, denak Euskal Herrian. Gorka, Lola, Iñaki, Gita, Itziar, Josu eta Iurdan kalean egon beharko lirateke, baina, oraingoz, hau ez da gauzatu. Euskal Herrian badaude ere, bidea oso luzea da oraindino. Fiskaltza errekurtso mordoa ipintzen dabil Madriletik, preso asko berriro espetxera bidaltzeko asmoz.