Bero zakarraren ondorioz, tenperatura 35-40 gradu artean kokatuko da gaur

Anboto 2023ko abu. 23a, 10:56

Muturreko beroa egingo gaur Euskal Herriko hainbat puntutan, barnealdean bereziki. Bihar ere halantxik jarraituko du bero-boladak.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, tenperatura maximoak 35-40 gradu artean kokatuko dira gaur. Bero zakarra egingo du denean. Barnekaldean, bereziki. Hego-ekialdeko haizea egingo du. Arratsaldean, kostaldean, posible da brisa apur bat sartzea. Zeruan laino gutxi egongo da eta Euskalmetek ez du baztertzen han-hemenka trumoiren bat botatzea. Gaua beroa izango da ostera ere, eta tenperaturek antzeko joera izango dute bihar. Baso-suteak gertatzeko arriskua ere handia da, Euskalmeten berbetan.

Gomendioak

Osasun Sailak hainbat gomendio eman du muturreko tenperaturei begira:

  • Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko.
  • Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin, esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin.
  • Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
  • Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
  • Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
  • Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!