Durangaldeko ordezkari politikoek "euskararen kontrako erasoa" salatu dute Bilbon

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 13a, 15:39

Eskualdeko ordezkari politikoak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean mobilizatu dira goiz honetan, Auzitegi Konstituzionalaren epaia salatzeko. Protesta ekitaldia Euskalgintzaren Kontseiluak deitu du. Durangaldeko ordezkari politikoak bat etorri dira epaia "hizkuntza eskubideen aurkako urraketa" dela iritzita.

Euskal Herriko udalerri ugaritatik joandako alkateek eta zinegotziek agerraldi jendetsua egin dute goiz honetan Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak duela egun gutxi kaleratutako epaiaren kontra egin dute protesta, ebazpenak Udal Legearen aurka egin, eta baliogabetu egiten duelako tokiko erakunde administratiboetan euskara hutsez aritzeko aukera. Bertan baturikoek irakurri duten adierazpen politikoaren arabera, epaia "kezkagarria eta larria" da, sententziak "oztopoa" jartzen diolako "euskararen normalizazio eta biziberritze proiektuari".

"Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada", esan dute adierazpenean. Are gehiago. Konstituzionalaren epaiak "euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen" dituela adierazi dute testuan. "Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela", iritzi diote.

Durangaldeko ordezkaritza zabala

Elkarretaratzean eskualdeko alkate eta zinegotzi ugari egon da. Besteak beste, honako hauek: Mireia Elkoroiribe (Durangoko alkatea), Julene Lazkano (Elorrioko alkatea), Iñaki Totorikaguena (Iurretako alkatea), Ainara Otxotorena (Mañariko alkatea), Ainhoa Salterain (Zornotzako alkatea), Eneritz Azpitarte (Zaldibarko alkatea), Orlan Isoird (Berrizko alkatea), Naiara Bildosola (Abadiñoko zinegotzia), Mikel Arruabarrena (Elorrioko zinegotzia), Aitor López (Zaldibarko zinegotzia) eta Mikel Garaizabal (Abadiñoko zinegotzia).

Durangoko alkate Mireia Elkoroiriberen iritziz, konstituzionalaren epaia "hizkuntza eskubideen aurkako urraketa argi eta garbia" da. "Euskarari, gure altxorrari, hizkuntza ofizial bati egindako eraso zuzen bat. Baita tokiko administrazioen kontrakoa ere", adierazi du. Zaldibarko Aitor López zinegotziak ere ildo beretik egin du berba: "Eskubide urraketa bat da. Kanpotik etorritako inposaketa bat, euskaraz jarduteko, euskara hutsean aritzeko eskubidea urratzen duena. Horrez gainera, eskumen urraketa bat ere bada, Udal Legearen kontra egiten duelako". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!