Udaletako kargu hartzeekin aro politiko berri bat hasiko dute Durangaldean

Anboto 2023ko eka. 16a, 12:00

Maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzek Durangaldeko udaletan izango duten eragin zehatza jakingo da bihar. Herri bakoitzeko udalbatzarretan, zinegotzi eta alkate berriek karguak hartuko dituzte. Herri batzuetako alkateen aginte makila noren esku geratuko den argi dago. Beste kasu batzuetan, ostera, azken asteetan alderdiek euren artean egindako negoziazioen araberakoa izango da emaitza. Horrela, hurrengo lau urteetarako panorama politikoa erabakita geratuko da.

Durangoren kasuak zeresan handia eman du azken asteetan. Izan ere, EH Bildu historian lehenengoz alderdirik bozkatuena izan den arren, aukera asko dago EAJ heltzeko alkatetzara. Durangoko EAJk "PSE-EEgaz bakarrik" gobernatuko duela iragarri zuen atzo, prentsa oharrean. Mireia Elkoroiribe alkategai jeltzaleak azpimarratu du "Durangori egonkortasuna emateko eta Durangok etorkizun ilusionagarrirantz aurrera egiteko proiektuak" gauzatu gura dituela. Baina jeltzaleek PPren babesa ere beharko dute udaleko aginte makila hartzeko. PPko Carlos Garciak dagoeneko aurreratu du bere borondatea "EH Bildu gobernutik kentzea" dela.

Bestalde, Ima Garrastatxuk atzo iragarri zuen "Durangorako akordio zabal eta aurrerakoi bat" proposatu diela PSE-EEri eta Herriaren Eskubideari. Akordio horrek trenbide zaharreko proiektu berria erdigunean ipiniko lukeela gaineratu du koalizio subiranistak. PERIaren bost dorreen proiektu zaharrera bueltatu gura izatea egotzi dio EH Bilduk EAJri.

Abadiñoren kasuan ere Mikel Urrutia buru duen EH Bilduren zerrenda da bozkatuena, baina Mikel Garazaibal jeltzaleak PSE-EE eta Abadiñoko Independente Berriak alderdien babesa lortzen badu alkate karguan jarraitu ahal izango luke legegintza bat gehiago.

Elorrion, EH Bilduko Julene Lazkanok Ahal Dugu-Podemosen botoa beharko du alkate izateko. Aurreko aldietan ere babes hori izan duenez, aurreikuspenen arabera koalizio subiranistak aukera asko izango luke gobernuan jarraitzeko. Kasu horretan, Idoia Buruagak Julene Lazkanori pasatuko lioke aginte makila.

Zornotzaren kasuan, Ainhoa Salterain buru duen EAJk PSE-EEren babesa beharko du gobernatzeko. Hori horrela balitz, legegintzaldi biren ostean Andoni Agirrebeitiak Santerain alderdikideari emango lioke aginte makila.

Berrizen, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia oso estua izan zen maiatzeko emaitzei erreparatuta. Jeltzaleek hiru botoren aldea ate-ra zioten koalizio subiranistari. Beraz, Orlan Isoirden alderdiak (EAJ) PSE-EEren babesa beharko du biharko kargu hartzean.

Atxondoren eta Zaldibarren kasuetan, indar aldaketa aurreikusten da udal gobernuan. Atxondon Xabier Azkaratek (EAJ) Eneritz Agirreri (EH Bildu) emango dio aginte makila, eta Zaldibarren Jose Luis Maiztegik (EAJ) Eneritz Azpitarteri.

Bestalde, gainerako herrietan gehiengoagaz irabazi duten alderdien kasuan ez da sorpresarik itxaroten. Herri askotan, aurreko legegintzaldiko alkateek lau urtez karguan jarraitzea aurreikusten da: Mallabian Igor Agirrek (EAJ), Mañarian Ainara Otxotorenak (EH Bildu), Otxandion Egoitz Garmendiak (EH Bildu), Iurretan Iñaki Totorikaguenak (EAJ) eta Garain Erramun Osak (EAJ). Izurtzan, Lorea Muñozek Oihane Irastorza (EH Bildu) alderdikideari emango dio makila.

DURANGALDEKO PLENOAK - EKAINAK 17

  • Durango: 09:00
  • Berriz: 09:00
  • Iurreta: 10:00
  • Atxondo: 10:00
  • Izurtza: 11:00
  • Otxandio: 11:00
  • Elorrio: 11:00
  • Abadiño: 12:00
  • Zornotza: 12:00
  • Mañaria: 12:00
  • Mallabia: 12:00
  • Garai: 12:00
  • Zaldibar: 12:00
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!