Eskualdeko udalbatzen osaketa aldatu egingo da datozen lau urteei begira. Udaletxe batzuetan botere aldaketak egongo daitezke, aginte makilak EAJren eskuetatik EH Bilduren eskuetara igarota. Zaldibar eta Atxondo dira adibide. EAJk bere alkatetzak berretsiko ditu Garain, Mallabian eta Iurretan, eta agintean jarraitzeko aliantzak topatu beharko ditu Zornotzan eta Berrizen. EH Bilduk, aldiz, Otxandion, Mañarian eta Izurtzan gobernatzen jarraituko du, baina Elorrioko agintea berretsi gura badu aliantzak topatu beharko ditu Elkarrekin Podemosekin. Gainerakoan, galdera ikur nagusi bi daude eskualdean: Zer gertatu da Abadiñon eta zer gertatuko da Durangon? Abadiñon EH Bildu izan da boto gehien batu duen alderdia, baina gobernua ez dauka ziurtatuta. Akordioak bilatu beharko ditu gainerako indarrekin. Durangon ere gobernua airean dago. Mireia Elkoroiribe hautagaiak (EAJ) aginte makila eskuratu dezake aliantzak topatzen baditu beste alderdiekin. Orain arteko hartu eman historikoei erreparatuta PSE-EE izan daiteke bere aliatu naturala, eta udalbatzara bueltatuko den Alderdi Popularrak ere alkatetza eman diezaioke. Elkarrekin Podemos lehenengo aldiz lehiatu da Herriaren Eskubidea alderditik bereizita. Bi alderdiek batera lau zinegotzi izan dituzte. Legegintzaldi honetan Podemosek ez du ordezkaritzarik lortu eta Herriaren Eskubideak zinegotzi bat lortu du.
Subiranisten eta jeltzaleen oso atzean geratu dira gainerako alderdiak. PSE-EE izan da boto gehien batu duen hirugarren alderdia, 3.107 botorekin. Elkarrekin Podemosek 1.375 batu ditu eskualdean eta Alderdi Popularrak 1.272.