Herri Urratsek elkartasunerako deia egin du Ipar Euskal Herriko ikastolek aurrera egin dezaten

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 15a, 13:46
Su ta gar taldeak kontzertua eskaini zuen Herri Urratsen.

Trumoia eta uriolak direla eta, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia ezin izan dute bere osotasunean ospatu. Galera ekonomikoak "izugarriak" izan dira, eta antolatzaileek ekarpenak egiteko bideak zabaldu behar izan dituzte. [LAGUNTZEKO BIDEAK, BEHEAN]

Atzo ospatu zuten Herri Urrats, Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolen aldeko jaia. Baina, era oso mugatu eta sinboliko batean. Bariku gauetik zapatu goizerako tartean egundoko euri zaparradak izan ziren Senpereko herriaren eta lakuaren inguruan. Urdazuri ibaiak gainezka egin zuen hainbat puntutan, Senpereko hainbat komertzio kaltetuta eta inguruko errepideak hartuta. Lakuan ere, uriolek jaia ospatu ahal izateko azpiegiturak kaltetu zituzten. Uholdeengatiko alerta gorria ezarri zuten Urdazuri ibaiaren arroan, eta atzoko festa kinka larrian ipini.

Herri Urratseko antolatzaileak, Senpereko agintariak eta suprefeterurako ordezkariak elkarrekin batu ziren zapatu arratsaldean, jaiarekin zer egin erabakitzeko. Antolatzaileek lortu zuten, gutxienez, modu sinboliko batean izanda ere, jai eremua gune txiki batera mugatu eta festa egitea. Dena dela, argi eta garbi esan dute galera ekonomikoak "izugarriak" izan direla. "[Atzo] bildutako diruarekin ezinezkoa izango zaigu jaiak berak sorturiko gastuei eta Seaskak dituen beharrizan handiei aurre egitea. Hori dela-eta, deialdi zabal bat egiten diogu euskal jendarte osoari, Seaskari eta Ipar Euskal Herrian euskara ikasteko hautua egiten duen proiektuari aurrera egiten laguntzeko", azaldu dute ohar bidez. 

Laguntzeko bideak:

Honako bide hauek zabaldu dituzte ekarpen ekonomikoak egiteko:

  • herriurrats.eus/denda web orrialdean sartuta eta materiala erosita.
  • Bizum bidez (Hego Euskal Herrian soilik). Dohaintzak egiteko atalera sartu, bilatzailean 'HERRI URRATS' idatzi eta ekarpen ekonomikoa eginda.
  • Honako kontu korronte hauetan dirua sartuta:
    • -Caisse d'épargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819 
    • -Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197
    • -Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332
    • -Crédit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107
  • herriurrats.eus/laguntza atalean sartu eta PayPal sistema erabilita.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!