Udal eta foru hauteskundeak

Osasun langile gabeziari aurre egiteko neurriak eskatu dizkio Durangaldeko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Anboto 2023ko mai. 15a, 13:17

Durangaldeko EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute Landakoko anbulatorioaren aurrean.

Durangaldeko EH Bilduko ordezkariek azken urteetako murrizketak salatu eta lehen mailako arreta sendotzeko neurri errealak eskatzeko agerraldia egin dute gaur Durangon. Azken asteetan osasungintzan lanean ari diren profesionalekin bilera ezberdinak egin dituztela azaldu dute koalizioko kideek. Prentsa oharrean azaldu dutenez, "erizainak medikuen lana egiten ari direla edota langileen bajak ordezkatzen ez direla salatu dute osasungintzako profesionalek". Arazo horiek "ezkutatzea" egotzi diote Gotzone Sagarduy sailburuari. “Herritar guztiok dakigu Osakidetza ahultzeko estrategia honen atzean beste interes batzuk daudela, eta, aldi berean, guztiok dakigu Osakidetzak behar duena baliabide gehiago bideratzea dela”.

Osasun langileekin egindako bileretan eskualdeko osasun zerbitzuak hobetzeko hainbat proposamen jaso ditu EH Bilduk. Agerraldian azaldu dutenez, larrialdi eta etxez etxeko osasun zerbitzua indartzea, pediatria zerbitzua arratsaldez eta jai egunetan ezartzea edota anbulantzia medikalizatua izatea eskualdean izan dira jasotako proposamenak.

“Arduratuta gaude azken urteetan eskualdeko osasun zerbitzuek eman duten beherakadarekin, eta osasungintzako profesionalak bat datoz gure beldurrekin. Murrizketak gainditzeko beharrezkoa da une honetan dagoen langile gabeziari aurre egitea eta mediku eta erizain gehiago kontratazea. Profesional gehiago da behar duguna, ez zementu gehiago”, azaldu dute EH Bilduko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!