“Tokiko merkataritzak erronka handiei aurre egin behar die. Erronka horien mende dago gure merkataritzaren biziraupena, ezagutzen dugun moduan. EAJk merkataritza-eredu iraunkor eta sozialki arduratsu baten alde egiten du Bizkaian. Eta sektorearen etorkizuna bermatuko duen neurri eta ekimenekin lan egiten jarraituko dugu. Belaunaldien arteko erreleboa eta Bizkaiko merkataritza sarearen berriztatzea erraztuko dugu, negozio eredu berrien alde egiten duten ekintzaileak barne hartu ditzan”, nabarmendu du Etxanobek. Mireia Elkoroiribe hautagai jeltzaleak, ostera, Durangoko merkatu-plazaren “birmoldaketa integrala” proposatu du. Plazan hainbat ekintza eta erabilera uztartuko ditugu, inguruko elkarte eta eragile garrantzitsuenekin, batez ere Dendak Bai Elkartearekin eta Urkiola Landa Garapenekin, etengabeko jarduera bermatzeko. Horrez gain, merkatarien eta ostalarien zerga-karga murriztuko dugu eta aparkalekua erraztuko diegu, merkataritza sustatzeko eta enpresen jarraipenerako programak bultzatuko doguz eta digitalizazio prozesuetan ere lagunduko diegu, etengabeko aholkularitza eta laguntza eskainiz”, esan du Elkoroiribek.