Martxan da maiatzaren 28ko hauteskundeetarako kanpaina

Anboto 2023ko mai. 12a, 09:00

Bart gauetik martxan da ofizialki 2023ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Alderdirik gehienek ekitaldi politikoak aurreikusi dituzte Durangaldean. Bizkaiko Batzar Nagusietako hauteskundeak ere egingo dira.

Maiatzaren 28an erabakiko da EAEko udal gobernuen agintaritzak zein alderdiren esku egongo diren. Durangaldearen kasuan, ikusmin berezia sortzen dabil Durangon. Orain dela lau urte EAJ alderdirik bozkatuena izan arren, alderdi popularrak eserlekua galdu zuen eta EH Bilduren eta Herriaren Eskubidea-Podemosen emaitzak gehituta koalizioa gobernura heldu zen. Lau hamarkadatako jeltzaleen agintaritzak etena izan zuen 2019an. Legegintzaldi berrirako hauteskundeetan, ostera, alderdi biak beste testuinguru baten aurrean daude. Alde batetik, oraingo honetan Herriaren Eskubidea eta Podemos bakoitza bere aldetik aurkeztuko da bozetara. Bestetik, aurten Vox ez da aurkeztuko, eta PPk eskuineko botoak batzea eragin dezake horrek, eta berriro ordezkaritza berreskuratzea. Beraz, maiatzaren 28an erabakiko da Durangon ezkerreko gobernuak jarraitzen duen ala berriro ere Durango jeltzaleen gotorleku bihurtzen den.

Abadiñon ere badago ipinita fokua, hauteskundeetan inoizko lehiarik handiena izango da eta. Aurten, Podemos aurkeztuko da. Gainera, Independienteen alderdia desegin egin dute eta orain arteko hautagai batzuk PSE-EEren zerrendan aurkeztuko dira. Bestalde, hiru legegintzalditan Independienteekin alkate izan den Jose Luis Navarro joko politikora bueltatu da Abadiñoko Independiente Berriak alderdia sortuta. Testuinguru berri honek aliantzetarako aukera ugari eskaini dezake, hauteskundeen emaitzen arabera.

Herri txikietan, errealitatea oso bestelakoa da. Boto gutxi batzuek gobernantzaren balantza alde batera edo bestera eraman dezakete.

Kanpainako hitzorduak
Hauteskunde kanpaina martxan ipinita, alderdi politikoek hainbat ekitaldi antolatu dute. Kasu askotan, mahai informatiboak ipiniko dituzte edo ekintzak prestatuko dituzte hauteskunde programen berri emateko.

EAJren kasuan, maiatzaren 13an, 11:30ean, Elixabete Etxanobegaz eta Mireia Elkoroiribe alkategaiagaz Durangoko Andra Mariko elizpean izango dira.

EH Bilduri dagokionez, Jasone Agirre eta Josu Albizuri alkategaia arituko dira, gaur, 19:30ean, Berrizko plazan (edo probalekuan euria egiten badu). Maiatzaren 16an, Bizkaiko ekitaldia egingo dute Elorrioko plazan Arkaitz Rodríguez, Iker Casanova eta Julene Lazkano alkategaiagaz. Maiatzaren 18an, Durangaldeko Gazte ekitaldia egingo dute Durangoko Santa Anan, 19:00etan. 

Elkarrekin Podemosek ekitaldia iragarri du Durangon, maiatzaren 17 arratsalderako.

Bestalde, PSE-EEri dagokionez, Jesica Ruiz alkategaiak eta Iñaki Arriolak ekitaldia egingo dute maiatzaren 15ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!