Barrualde ESIko herritar talde batek ekimena jarri du martxan Galdakao-Usansoloko ospitalea handitzeko proiektuan "pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak eskaini daitezen" eskatzeko. Herritar talde horren atzean 60tik gora ikastetxe, guraso elkarte eta talde feminista dago. Ospitaleko proiektu berri horrek 30.000 metro koadroko eraikin berri bat eta aparkalekuak aurreikusten dituela aurreratu dute 28 milioiko aurrekontuagaz.
Ekimen horren barruan, Bizkaiko udaletan mozioak aurkezten ari dira erakunde hauek ere ekimenagaz bat egin dezaten. Eguaztenean Iurretako osoko bilkuran mozioa onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Iñaki Totorikaguena alkateak arrazoitu zuenez, "horrela, mozioa onartzea eta behar den instituziora heltzea ahalbidetuko dugu, bertan agokion erabakia hartu dezaten". EH Bildu mozioaren puntu guztiekin ados agertu zen.
Plataformako kideek azaldu dutenez, pediatria zerbitzua Gurutzetan egonda, "gurasoek etenbako joan-etorriak egitera derrigortuta daude, horrek gurasoen. bereziki azpimarragarria da familia zaurgarrientzat suposatzen duena". Erditzeei dagokienez, Bizkaian zerbitzu hori Gurutzetan eta Basurton zentralizatuta dago. "Erditze eredua asko aldatzen ari da. Artatze indibidualizatuak inpaktu oso handia du bizi-kalitatean eta bizi-esperientzian", azaldu dute. Gogoratu dutenez, Gipuzkoan, oinarrizkoak diren pediatria eta arrisku baxuko erditzeak deszentralizatuta daude.
Zaldibarren ere onartu zuten mozioa
Zaldibarren ere eztabaidatu zen mozioa, eguenean. EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak ekimenaren aurka bozkatu zuten —zinegotzi bi ez ziren udalbatzarrean egon—. Jose Luis Maiztegi alkateak arrazoitutakoaren arabera, "Osakidetzak hartutako erabakiak zerbitzu ahalik eta onena ematea dute helburu". Hala ere, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoeri esker aurrera egin zuen mozioak: "Gauza bat da espezialitateak konzentratzea, eta beste bat gutxienekoak diren zerbitzuak urrunago eramatea", nabarmendu zuen Eneritz Azpitartek.
Durangoko Udaleko otsaileko osoko bilkuran mozio hau aurkeztu zuten. Ekimenak aurrera egin zuen, eta beste udal batzuetan ere aurkeztea aurreikusten dute.