Landuek, Durangaldeko lantegietan euskara sustatzeko proiektuak, pauso bat gehiago eman du bere ibilbidean. Joan zen barikuan eskualdeko 11 enpresa gehiago batu zen egitasmora. 2021etik hona 15 lantegi egon dira bertan sartuta, eta 26 izango dira aurrerantzean. Egitasmora baturiko azkenak honako enpresa hauek dira: Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, Durangaldea Enpresa Ekimena –DEK, Hirukobat, Padelko, Ozasan, Garaiko Landetxea, Saltsan Katerin eta Begilan. Enpresok sinatze ekitaldia egin zuten barikuan, Elkartegian. Bertan parte hartu zuten gainerako enpresek eta agintari politikoek.
Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiriberen berbetan, Durangaldea “estrategikoa” da euskararen biziberritzeari dagokionez. “Gero eta pertsona gehiago dira eskualde honetan euskara dakitenak. Baina jakiteaz gainera, euskara biziberritzeko, ezinbestekoa da erabiltzea”, azaldu zuen. Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari Xabier Arauzok euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen: “Inoizko baldintzarik onenak ditugu lan-arloan ere euskararen presentzia eta erabilera handitzeko, bai profesionalen euskara gaitasunari dagokionez, bai eskuragarri dauden baliabideei dagokienez”. Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek euskarak lantegietan “zokoratuta” ezin duela egon gaineratu zuen.
Landue zerbitzua Mankomunitateak kudeatzen du. Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak laguntzen dute diruz.