‘Komunikabideak etorkizuna ehuntzen’ lelopean, TOKIKOMek berak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.
Hausnarketa, aldarrikapena eta festa
Ekitaldia goizeko 9etan hasiko da, eta hiru zati izango ditu: hausnarketa, aldarrikapena eta festa.
Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izango da. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren ‘Local Democracy Reporting’ eta ‘Shared Data Unit’ esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.
Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izango da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.
Toki komunikabideen elkarteen manifestua
Atal akademikoa bukatuta, aldarrikapenerako tartea ere izango da jardunaldietan. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, toki komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko dugu Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko azaroan Kataluniako Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuenetik, lankidetza dinamika etengabe izan da Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako toki komunikabideen elkarteekin, eta aurrera begira lankidetza hori pausu zehatzetan zehazteko lehen urratsa izango da manifestua.
Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko ditugu eta, haren ostean, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.
Ikusi hemen Jardunaldien egitarau xehea eta lekuak erreserbatzeko sistema.