Zozketetan parte hartu
Bestalde, Anbotokide izanda, urtean 30 euro ordainduta, hainbat lehiaketatan parte hartu daiteke. Esate baterako, Athleticen VIP sarreren zozketak erantzun ezin hobea izan du. Bazkariak, kultur ekitaldiak ikustera joateko sarrerak eta beste hainbat zozketa egin dira.
Babes handia
"Anbotokide izanda, ANBOTOren eta tokiko euskarazko hedabideari babesa emateaz gainera, komunitate sendo bat eraiki dugu. Komunikazioa norantza bitan lantzen dugu. Komunitatea da gure altxorrik handiena", azaldu du Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak. Anbotokide kanpaina martxan ipini dugunetik, hainbat pertsonak eta eragilek bat egin dute kanpainagaz. "Pandemia sasoian, tokiko hedabideon garrantzia azaleratu zen. Jendeak informazio sinesgarria eta gertukoa ezagutu gura zuen. Eta, alde horretatik, ahalegin handia egin genuen gure komunitatea informatuta egoteko. Gure komunitateaz guk geuk idatzi eta iritzia emateko aukera ematen duten hedabideak izatea garrantzitsua da fake newsen eta desinformazioaren sasoi honetan", gaineratu du Guenetxeak.
22. urteurrena
ANBOTOren 22. urteurrenerako ekitaldia prestatzeari ekin diote. Azaroaren 10erako ipini dute hitzordua, Plateruenean. "ANBOTOren 20. urteurrenean ekitaldi bat antolatzeko asmoa genuen, baina ez zen posible izan. Oraindino ere pandemiaren inguruko murrizketak zeuden eta Plateruena itxita zegoen. Guretzat Durangoko Antzokia da gune naturala gure ospakizunerako. Eta aurten bai, aurten aukera ikusi dugu gure komunitateagaz ekitaldi xume baina berezia prestatzeko", adierazi du Guenetxeak.
ZOZKETETAKO IRABAZLEAK
AMAIA GARCIA [ATHLETICEKO SARREREN IRABAZLEA]
Zelan San Mameseko partiduan?
Etxean zozketa eginda, azkenean senarragaz joan nintzen eta esperientzia ezin hobea izan zen. Giroa, pintxoak, pastelak, arreta... Gainera 4-1 irabazi genuen Cadizen kontra.
Zergaitik egin zara Anbotokide?
Urteak nenbilen etxe ondoko kioskoan astekaria jasotzen. Gero whatsapp taldera batu nintzen, eta gero Anbotokide egin nintzen abenduan. Durangaldeko albisteen berri izatea gustatzen zait, eta euskaraz, izan behar duen moduan. Gauza batzuk ez ditut ulertzen, baina hiztegia hartzen dut eta kito. Euskara praktikatzeko balio dit.
MAITE ABENDIBAR [UXARTEKO LEHIAKETAKO IRABAZLEA]
Noiztik zara Anbotokide? Zuretzat zer da Anbotokide izatea?
Ezingo nuke esan zehatz-mehatz noiztik, aspaldi da Anbotokide egin nintzela. Durangaldeko aldizkaria izanik, bertako albisteak euskaraz jasotzea garrantzitsua da niretzat; era berean, euskara sustatu eta bultzatzen dugula uste dugulako.
Uxarteko lehiaketan lagun birentzako afaria irabazi duzu. Zelan hartu zenuen albistea? Joateko gogoz zaude?
Pozik jaso nuen albistea. Lehenengo aldia da zerbait tokatzen zaidana. Orain data aukeratu behar tokatutakoaz gozatzeko.
ENERITZ URRUTIBEASKOA [BERBAROKO SARREREN IRABAZLEA]
Urteko azken bertso saioko sarreren zozketa irabazi zenuen.
Guretzat urteroko zita da. Egun bitan agortu ziren sarrerak eta, berandu ibili ginenez, ezin izan genituen erosi. Baina Anbotokide lehiaketan parte hartu genuen eta irabazterakoan poz itzela hartu genuen. Bertso saiora joateko aukera izan genuen eta giro ederra egon zen.
Noiztik zarete Anbotokide?
Orain dela bost bat urte egin ginen Anbotokide. Hurbiltasunaz gainera, euskarazko komunikabideetan sinesten dugu eta uste dugu herriarentzat eredu bat dela eta onuragarria dela. Proiektu hori bultzatzeko egin ginen Anbotokide.
IGONE AMESTI [HERTZAINAKEN SARREREN IRABAZLEA]
Hertzainakek BECen eman zuen kontzertuko sarrerak eskuratu zenituen. Zer moduz?
Hertzainaken kontzerturako zozketa parte hartzen nuen lehenengoa izan zen; ez nuen espero zorteko izatea, eta hara! Ezin izan nintzenez joan, sarrerak ahizpa bati oparitu nizkion! Berak gozatu zuen nire partez.
Beste lehiaketa batzuetan ere parte hartzen duzu?
Bai, interesatzen zaizkidan zozketetan.
Noiztik zara Anbotokide? Zergaitik?
Abenduan egin nintzen Anbotokide. Euskaltzalea naiz eta eskualdeko euskal hedabide honi nire ekarpen txikia egiteko modua da Anbotokide izatea.
DESKONTU SAREKO KOMERTZIOAK
NAIA GORROÑO [DENTISTA]
Naia Gorroño dentista ANBOTOren deskontu sareko kidea da. Iazko ekainean egitasmoagaz bat egin zuen.
Zergaitik erabaki duzu ANBOTOren deskontu sarean parte hartzea?
Anbotokide egin naiz uste dudalako inguruko zerbitzu eta komertzioek elkar laguntzea eta horiek ezagutaraztea garrantzitsua dela.
Zergaitik da garrantzitsua tokiko sinergiak bultzatzea?
Durangoko zerbitzuak erabiltzea eta bertako komertzioetan kontsumitzea oso garrantzitsua iruditzen zait, herrian denerik daukagu eta, zorionez.
LURDES ARRIZABALAGA ETA MAIDER LLANOS [LANDAKO OPTIKA]
Landako Optika ekimena martxan ipini zenetik deskontu sarean dago.
Deskontu sareko beteranoak zarete. Berehala egin zineten sareko kide.
Orain dela urte batzuk proposamena heldu zitzaigunean, berehala eman genuen baiezkoa. ANBOTO Durangaldeko tokiko euskarazko hedabide bakarra da eta gure ekarpena egin gura genuen. Elkarri laguntzeko modu bat da.
Jendea etortzen da txartelagaz?
Bai, jendea etortzen da deskontua aplikatzeko. Azken hilabetean igartzen dugu txartel berriak banatu direla eta erakutsi egiten digutela.
BEGO GARCIA [IURRETA KOPISTEGIA]
Iurreta Kopistegiak aspaldi egin zuen bat Anbotokide ekimenagaz.
Aspalditik dituzue deskontuak martxan. Jendea txartelagaz etortzen da?
Bai, geroago eta gehiago. Jendeak galdetu ere egiten du eta ANBOTOra bidaltzen ditugu. Inguruko herrietako jendea ere etortzen da.
Komertzioa bultzatzeko modu bat da. Zein da zuen arazo nagusia?
Interneteko salmentek kalte handia egiten digute. Gu paketeak jasotzeko puntu bat gara eta jende askok Internetez erosten ditu dendan bertan saltzen ditugun liburuak. Pena handia ematen du, baina horrela da.
AINHOA PINO [GAUTU]
Gautu koltxoi denda orain dela gutxi sartu da Anbotokide sarean.
Zelan erabaki duzue deskontu sareko kide izatea?
Oso ideia ona iruditu zaigu, horrela komertziook abantaila batzuk eskaintzeko aukera daukagulako. Gainera, horrela, komertzioa publizitatu egiten da tokiko hedabide batean eta bezeroak ere irabazi egiten du horregaz.
Tokiko dendak ezagutaraztea gatxa da.
Tokiko merkatariok desabantaila asko dugu azalera handiko merkataritza-guneen aurrean. Horregaitik, ezagutzera emateko espazioak oso garrantzitsuak dira dendariontzat.