Koalizioak prentsa oharrean azaldu duenez, Gorrotxategik gogora ekarri zuen, orain dela urtebete, eskualdeko biztanleei zerbitzua emateko ospitale bat eraikitzearen beharra aldarrikatu zuela eta legebiltzarreko taldeak akordio zabal bat lortu zuela osasun egoerari buruzko ikerlan bat egiteko eta ikerlan hura izango zela osasun zentroa sortzeko lehenengo pausoa". Urtebete pasatu dela eta ikerlanaren berririk ez dutela gaineratu du koalizioak.
Koalizioak gai honen inguruan Gotzone Sagarduik atzo egindako adierazpenak kritikatu ditu. Durangaldeko osasun zerbitzua "kalitatezkoa" dela baieztatu zuen sailburuak. "Sagarduik adierazi du larrialdi bat izanez gero, Durangaldeko biztanleak inguruko ospitaleetatik hurbil daudela, Galdakaoko ospitalera 15 minutu besterik ez daudela eta 20 minutu Gurutzetako ospitalera". Gorrotxategik dioenez, “Elorriotik Gurutzetara joan behar izanez gero, ez dago ospitalera iristeko modu zuzenik, beraz, garraiobide publikoa hartu behar izanez gero, ordu eta erdi behar da. Zaldibarretik Gurutzetara, autopista ordainduta, 40 minutuko bidea dago. Ez dira 15-20 minutu, askoz gehiago dira zuk aitortzen dituzunak baino”, leporatu zion Gorrotxategik sailburuari.