Herriaren Eskubidearen berbetan, EAJk Mankomunitateko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztea "ukatu" du

Anboto 2023ko urt. 13a, 12:23

Talde moreak txosten juridikoa eskatu dio Mankomunitateko Idazkaritzari, "aurrekontuen osoko zuzenketa bigarren urte zbozkatzeko aukera ukatzea legez kanpokoa den argitzeko asmoz". 

2022an eta 2021ean. Herriaren Eskubidearen berbetan, EAJk bi bider "ukatu" du Mankomunitateko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztea. Halantxik jasotzen du koalizio moreak hedabideetara bidalitako oharrak. "Mankomunitatearen 2021eko abenduaren 16ko aktan jasota geratu zen osoko bilkurari ukatu egin zitzaiola Herriaren Eskubideak aurkeztutako osoko zuzenketa bozkatzeko aukera", adierazi dute. Iazko abenduko osoko bilkuran ere "ildo beretik jokatu" zela ere gaineratu dute: "Berriro ukatu zitzaizkien osoko bilkurari eta herritarrei haien eskubideak". Hori dela eta, Herriaren Eskubideak txosten juridikoa eskatu du Mankomunitateko idazkaritzan. 2022ko eta 2023ko aurrekontuen onarpena "legez kanpokoa ote den" argitu gura dute. Koalizio moreak Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia batean eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren beste epai batean oinarritu du bere argudioa. Epai biek "zinegotziek osoko bilkuretan zuzenketak aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatzeko duten eskubidea aipatzen dute", Herriaren Eskubidearen arabera.

Mankomuniteak joan zen abenduaren 22an onartu zituen 2023rako aurrekontuak , EAJren eta Abadiñoko Independenteen aldeko botoekin. 8.632.000 euroko aurrekontua onartu zuten, iazkoa baino %8,18 handiagoa. Gizarte politikak eta enplegu programa garatzera bideratuko dute aurrekontuaren %70. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!