Udal eta foru hauteskundeak

Eskualderako ospitalea, eguneko zentro bat eta Berrizko gizarte zerbitzuak "berreskuratzea", Ahal Duguren helburuetako batzuk

Anboto 2022ko abe. 1a, 10:51

Durangaldeko Ahal Duguk udal hauteskundeetarako hautagaien "kezka nagusiak" zeintzuk diren jakinarazi du. Elorriorako, Berrizerako, Abadiñorako eta Durangorako ideia batzuk zerrendatu dituzte.

Durangaldeko Ahal Duguk eskualderako ospitale publiko bat eraikitzeko helburua defendatuko du hauteskundeetan. Hori izango da, talde morearen berbetan, eskualdeko "herri guztietan defendatuko den proiektu komuna". Dena dela, zerrendaburu izango diren politikariek herri bakoitzari begirako beste hainbat "kezka nagusi" partekatu dute.

Durangori dagokionez, David Hernández hautagaiak "bullyingaren aurkako plan bat egitea", gazteentzako "gaueko aisialdi programa" egitea eta "energia berriztagarri merkeagoa" sortzea gura du, "autokontsumoa" ahalbidetuta. Elorrion, Joseba Andoni Fernández hautagaiak "eguneko zentro moderno bat" eraikitzea gura du Aldabe-Beitia Jauregian, eta herriko industrialdeak "deskontaminatzea" proposatu du "enpresak erakartzeko". Berrizko Sabina Méndez hautagaiak Mankomunitatearen esku dauden gizarte zerbitzuak "berreskuratzea" du helburu, "prestazio gehiagorekin", berriztarrek gizarte zerbitzuak "Berrizen bertan gura dituzte" eta. Horrez gainera, umeentzako jolasgunean "lehentasunen artean" egotea proposatu du. Abadiñoko kasuan, Alfonso Arroyok "amaiera" eman gura dio "trafikoaren egoerari". "Beharrezkotzat" jo du trafikoa antolatzea, udalerria "oinezkoekiko eta tokiko merkataritzarekiko adeitsua" izan dadin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!