Bizkaiko metalgintzan bost eguneko greba deialdiarekin jarraituko dute

Anboto 2022ko aza. 21a, 21:54
Durangoko epaitegiaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur

LAB, UGT eta CCOO sindikatuek nabarmendu dutenez, "negoziazioan aurrera egiteko borondaterik ez du erakusten FVEMek" eta "sektoreari mobilizatzen eta borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dio utzi". Bizkaiko metaleko negozioazio mahaiak bilera izan du gaur.

Gaur Bizkaiko metaleko negoziazio-mahaian "eztabaida biziagoa" izan dela azaldu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Hala ere, "FVEMek ez du ahalbideratu nahi inolako hobekuntzarik Bizkaiko metaleko sektorearentzat", nabarmendu dutenez. FVEMek negoziazioan zehar mantendu dituen "elementu atzerakoiak" kendu dituela azaldu dute, baina, "erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata-igoeren proposamen berarekin" jarraitzen dutela. "Era berean, patronalak uko egiten dio langileen lan-baldintzak hobetuko luketen bestelako gaiak sartzeari", diote.

FVEMk ezabatu egin ditu sindikatuek aurretik zituzten eskaerak eta planteatzen zen lanaldi-murrizketa mugatu du, LBA, CCOO eta UGT azpimarratu dutenez. Bestalde, patronalak plataforman jasotako puntuak jorratzeko zuen "prestutasunaz" ere galdetu dute sindikatuek. "Zoritxarrez, FVEM gutxieneko bermearen idazketa argitzeko prest baino ez da agertu", azaldu dutenez.

18 bilera eta sei greba egun

Bizkaiko metalgintzan 18 bilera eta sei greba egun egin dituzte, eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, "FVEMek sektoreari mobilizatzen eta borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dio utzi". Bada, hurrengo asterako greba deialdiarekin jarraituko dutela jakinarazi dute, "hitzarmena lortzeko tresna bakarra dela sinetsita". Azaroren 28tik abenduaren 2ra egingo du greba Bizkaiko metalgintzak.

Bestalde, kontzentrazioa egin dute Durangoko epaitegien aurrean. Langile batek deklaratu egin behar izan du, Bizkaiko metalaren sektorean ekainean burututako grebetan inputatu gisa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!