Behargintzak eskualdeko 14 pertsona kontratatzeko programa ipiniko du martxan

Anboto 2022ko aza. 18a, 11:21

Lan munduan sartzeko "zailtasun bereziak" dituzten pertsonak kontratatuko dituzte sei hilabetetarako. 

Mankomunitateak eskualdeko 14 pertsona laneratzeko programa hasiko du Behargintzaren bitartez. Abadiñoko, Atxondoko, Berrizko, Elorrioko, Garaiko, Iurretako, Izurtzako, Mañariko eta Zaldibarko 14 pertsona kontratatuko dituzte sei hilabetetarako. Mankomunitateak jakinarazi du kontrataturiko langileak "laneratzeko zailtasun bereziak" dituzten pertsonak izango direla eta programari eskerrak "haien kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa" indartuko direla. Hiri-altzarien mantentze lanetarako, garbiketa lanak, parkeen mantentze lanak eta elektrizitate konponketak egiteko kontratazioak izango dira. Programa gauzatu ahal izateko, Lanbidek 175.000 euroko diru laguntza eskainiko dio Mankomunitateari.

Parte hartze aktiboa sustatzeko ikastaroa

Bestalde, Durangaldeko Esperientziaren institutuak Gaur egungo munduan parte hartuz bizitzeko gakoak ikastaroa eskainiko du urtarriletik aurrera. Adin desberdinetan zehar hazkunde eta garapen pertsonala landuko ditu, egungo gizartea eta ingurunea aztertuko ditu, eta adinekoek esparru guztietan modu aktiboan parte hartzea sustatzeko beharrezkoak diren tresnak ahalbidetuko ditu. Doako prestakuntza urtarrilaren 9an hasiko da eta 30 saio izango ditu urtean zehar –astelehenetan 16:00etatik 18:00etara– Durangoko Elkartegian. Ikastaroa gaian adituak diren irakasleek emango dute. Izena Landako Elkartegian edo adintek@durango.eus , prestakuntza@dma.eus edo nagusiak@dma.eus helbideetan eman behar da azaroaren 20a baino lehen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!