Euskaraldia

Euskaraldia martxan, Durangalde osora zabaldu da txapak paparrean ipini eta "hitzez ekiteko garaia"

Anboto 2022ko aza. 18a, 09:16

Belarriprestak, euskara aditzeko gertu; ahobiziak, mingaina dantzarazteko prest. Eta lantokietan euskara sustatzeko Ariguneak ere, ekinean.

Gaurtik martxan da Euskaraldia, Euskal Herriko luze-zabalean hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duen ariketa soziologiko eta kolektiboa. Euskaraldiko antolatzaileek azpimarratu dutenez, "hautuak harrotasunez erakutsi eta probatzeko garaia" da, "txapak ipinita ingurukoei gure nahia erakusteko garaia. Garaia da urrats sendoak emateko, hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz bide berriak urratu eta ohiturak zein joko arauak aldatzeko", adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek manifestu bateratu batean. Alde horretatik, euskararen erabilera alderik alde sustatzeko deia egin dute: "Auzorik auzo, herririk herri, jendea batu eta ekimen olatua antolatu dezakeen komunitatea da gurea. Ekinez egingo ditugu gure elkarte, enpresa eta erakundeak euskararentzat abegikor". Durangaldeko udalerriek bat egjn dute egitasmoagaz eta herri bakoitzeko batzordeek egitarau oparoak prestatu dituzte. Astekari honetako Agendan kontsultatu daitezke ekitaldi guztiak, herririk herri eta egunik egun. Bertso afariak, zinema proiekzioak, antzerki obrak, blues kontzertuak, bakarrizketak zein erakusketak topatu daitezke bertan. Egitaraua oso anitza da, Euskaraldian parte hartzen duten kide eta eragileak bezainbeste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!