Podemosek eskualdeko alkategaiak aurkezteko ekitaldia egin du gaur Durangon. Bertan jakitera eman dutenez, primarioak pasata hauek dira dira euren alkategaiak: David Hernandez (Durango), Alfonso Arroyo (Abadiño), Sabina Mendez (Berriz) eta Joseba Andoni Fernandez (Elorrio). "Hautagai guztiok helburu berdina daukagu, gure herri eta herritarrentzako bizitza hobeak lortzea", azaldu du Sabina Mendez Durangaldeko Podemosen bozeramaileak eta Berrizko Podemosen alkategaiak. "EAJk gobernatzen dituen herriak ez daude pertsonengan pentsatuta, inbertitu gura duten enpresentzako herriak dira: zarataren, kutsaduraren... herriak dira. Gu eredu horien kontra gaude eta gure ereduak herri atseginak gura ditu, herritarrek beraien bizitza proiektuak izateko", gaineratu du Berrizko hautagaiak.
David Hernandez Durangoko Podemosen alkategaik, berriz, Podemos "hazten" jarraitzeko une aproposa dela esan du. "Durangarrak duela hiru urte EAJren ereduari ezetz esan zioten, eta orain momentu aproposa da Podemos hazten jarraitzeko eta gure eredua bultzatzeko", gaineratu du. Horrez gain, ezkerreko beste talde batzuekin hitz egin eta zerrenda bakarra aurkezten saiatuko direla jakitera eman du. "Jendeak ez luke ulertuko bi zerrenda egotea. Horregaitik ahal dugun guztia egingo dugu ezkerreko beste talde batzuekin hitz egin eta zerrenda bakarra aurkezteko", gehitu du.
Abadiñoko Podemoseko alkategaia, berriz, Alfonso Arroyo da, eta honek azaldu duenez abadiñarrek "behar dituzten politikak" egingo dituzte. "Abadiñoko Podemosek nahiz eta udaletxean ordezkaritzarik ez izan Abadiñoko herritarren bizitzak hobetzeko lan egiten dugu. Eta gure helburua herritarrek behar dituzten politikak egitea izango da", bukatu du.