Durangaldeko EH Bilduk zapatuan Bilbon egitekoa den manifestaziora joatera deitu du

Anboto 2022ko aza. 7a, 13:43

"Sistema kapitalista basatiak" eragindako egoeraren aurrean, "soluzioak egon badaudela" aldarrikatuko du EH Bilduk Bilbon. "Ekaitzari ezkerretik eta burujabetzatik" aurre egingo diotela gaineratu dute. Mobilizazioak 17:30etan irtengo du La Casillatik.

EH Bilduk "Euskal Olatua altxatzeko" manifestazioa egingo du zapatuan Bilbon, eta Durangaldeko egiturak mobilizazio horretan parte hartzeko deia egin die eskualdeko herritarrei. EH Bilduren iritziz, "sistema kapitalista basatiak" hainbat ondorio ekarri ditu: "Elite ekonomiko batzuen mesedetan hartutako erabakiek eraman gaituzte egoera honetara: bankuak, elektrikak, multinazionalak... eta haiek inoizko irabazi handienak pilatzen dituzten bitartean, negurako prestatu gaitezela esaten digute, jakitun milaka familiek ezingo diotela etengabe eta era basatian gora doazen prezioen erritmoari eutsi". Egoera horren aurrean "esperantza aktiborako deia" egin du koalizioak, "ekaitzari aurre egingo bazaio, ezkerretik eta burujabetzatik izango delako". Egoera horren aurrean "soluzioak egon badaudela" aldarrikatuko du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!