Orientazio proba eta Iurretako ondare inmateriala ezagutzeko bisita, euskara praktikatzeko

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 26a, 17:30
Durangaldeko Berbalagunek martxoan egindako ekintza bat. Japoniako gastronomiara gerturatu ziren Saltsan Katering etxeko kideen laguntzaz. DURANGALDEKO BERBALAGUN

Durangaldeko Berbalagunek ekintza bi antolatu ditu azarorako. Horrez gainera, galdetegi bat zabaldu du datozen urteko ekintzen egitaraua prestatzen joateko.

Ohiko berba-taldeez aparte, Durangaldeko Berbalagunek ekintza bi egingo ditu azaroan. Iurretako ondare inmateriala ezagutzeko bisita izango da bata, eta orientazio-jokoa bestea. Lehenengoa azaroaren 6an egingo dute, 11:00etan, Iurretako eliza paretik hasita. Gerediaga elkarteko kideek Iurretako ondare inmaterialari buruzko azalpenak emango dituzte herriko kaleak bisitatu ahala. Orientazio proba, berriz, azaroaren 13an egingo dute Urkiolan. Jokoa hasteko santutegiaren parean egon beharko da 9:00etarako. Azalpen txiki batzuk eman ostean jokalariek taldean irtengo dute, txandaka. Maila bi egongo dira. 3 kilometrokoa ume eta familientzat eta 5 kilometrokoa orientazio jokoa ezagutzen dutenentzat. Antolatzaileek ura, hamaiketakoa eta iparrorratza eramatea gomendatu dute. Ekintzetan parte hartu gura duenak 639400786 Whatsapp zenbakira idatzi dezake.

2023ari begira

Bestalde, datozen urteko ekintzak prestatzeko asmoz, Berbalagunek galdetegi bat prestatu du. Bertan, ekintzaren bat proposatzeko aukera, edo dagoeneko martxan dauden ekintzetan izena emateko aukera dago (Mendilagun, Paseolagun, Hiketalagun, Irakurketa taldea...) Honako lotura honetan bete daiteke galdetegia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!