Ekainean eta uztailean egin ziren hiru greba egunek bigarren atal bat izango dute datozen asteotan. CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deituta, Bizkaiko Metalgintzako beharginek lanuzteak egingo dituzte urriaren 27an, 28an eta azaroaren 2an. Lan-hitzarmen "duin" bat lortu gura dute mobilizazioekin. Patronala, Metalgintzako Lantegien Bizkaiko Federazioa (FVEM), eta sindikatuak iazko azarotik dabiltza Bizkaiko hitzarmena berritzeko negoazioazioetan, baina alde biek ez dute adostasunik lortu oraingoz. Sindikatuen arabera, negozioazioak "blokeatzen" dabil patronala.
Beharginen eskakizunen artean "sektoreko langileen eros ahalmena bermatzea" eta "subrogazioa beste kolektibo batzuetara zabaltzea" daude. Duela aste batzuk Arabako metalgintzan adostutako lan-hitzarmen berria ipini dute adibide modura. Horrez gainera, azpimarra berezia egin diote prezioen gorakadari. Hain zuzen ere, langileen soldatak inflazioaren arabera igotzea ere jaso dute eskarien artean: "Sekulako inflazio tasak eta lan karga handiak jasaten ari gara. Enpresek inflazioaren kostuak beren produktuetan aplikatu dituzte, horrek eragin dezakeen kaltea minimizatuz. Hala ere, uko egiten diote soldatak inflazio horien arabera igotzeari. Eta hortik ez gara pasako", iragarri dute.
Eguenetik aurrerako lanuzteek oihartzuna izango dute Durangaldean. Beharginek manifestazioa egingo dute Iurretatik Durangora. Mobilizazioak 12:00etan irtengo du Iurretako Ibarretxe Kultur Etxearen aurretik. Greba egun hauen ostean akordiorik ez bada lortzen, greba berriak deituko dituztela aurreratu dute sindikatuek.