Podemos/Ahal Duguren primarioetarako Durangaldeko hautagaiak aurkeztu dituzte

Anboto 2022ko urr. 10a, 21:42

David Hernández (Durango), Alfonso Arroyo (Abadiño), Sabina Méndez (Berriz), Joseba Andoni Fernández (Elorrio) eta Iker Mojón (Ermua) dira hautagaiak.

David Hernández (Durango), Alfonso Arroyo (Abadiño), Sabina Méndez (Berriz), Joseba Andoni Fernández (Elorrio) eta Iker Mojón (Ermua) dira Durangaldeko hautagaiak Podemos/Ahal Duguren primarioetarako. Izen guztiak aurkeztu dituzte Bat Egin proiektuarekin zerrendaburu moduan. Militantziak gaur bertan hasi diren primarioetan hautagaitzak babestuko dituela espero dutela azaldu dute prentsa oharrean.

David Hernández:

Berrizkoa, gaur egun Durangon bizi da. EHUko kazetaritza lizentziaduna, Durangaldeko komunikabideetan hasi zen lan munduan sartzen. “2008ko krisiak gure eskualdeko lanbidea ere astindu zuen, eta horrek bultzatu ninduen Madrilen zortea probatzeko erabakia hartzera. Han jabetu nintzen, lehen pertsonan, komunikazio munduan zein beste lanbide batzuetan agertzen den lan-prekarietateaz”, azaldu du Hernandezek. “Aldi baterako hainbat lanpostutan aritu nintzen, guztiak ere prekarioak eta ezegonkorrak (supermerkatuetako sustatzailea, teleoperadorea, autobus-azafatoa, higiezinen agentea, saltzaile saltoki handi batzuetan), kazetaritzara itzuli ahal izan nuen arte; baina lanpostu prekario horiek guztiak eta nagusikeria-egoerak, zeinetaz jabetu bainintzen, nire gizarte-kontzientzia pizten joan ziren”, azaldu du hautagaiak.

Alfonso Arroyo:

22 urte baino gehiagotan iturgin gisa lan egin ondoren, lan horri utzi egin behar izan zion bizkarrean zuen lesio baten ondorioz. Orduan erabaki zuen bere bikotekidearekin enpresa bat sortzea. “Hamar pertsona inguru ari ginen lanean, baina automobilgintzaren eta pandemiaren krisia zela eta, itxi egin behar izan genuen, egoera jasanezina baitzen”, azaldu du. Arroyo Podemoseko Bizkaiko Lurralde Kontseiluko kidea da, eta zirkuluetako ordezkari Herritar Kontseilu Autonomikoan. Durangaldeko zirkuluan, komunikazioaren eta sare sozialen arduraduna da. "Alderdian oso inplikatuta dagoen militantea da eta Abadiñoko alkatetzarako Podemosen primarioetarako Bat Egin zerrendarekin hautagaitza aurkeztea erabaki du", azaldu dute oharrean. "Urrats hau ematera animatzen naiz, Abadiñon gauzak beste modu batera egin behar direlako, herritarrek erabaki behar dute zer nahi duten beren herriarentzat eta nola nahi duten", azaldu du hautagaiak.

Sabina Méndez:

58 urterekin, berriztar honek ibilbide profesional luzea egin du Durangaldeko enpresa ertainetan eta birziklapenaren arloan. "Lan horietan izan duen esperientziaren ondorioz, eskualdeak lan-arloan behar dituen premien eta hobekuntzen oso gertuko ikuspegia jaso du", azaldu dute oharrean. Gaur egun, Podemosek Durangaldean duen bozeramailea da.

Joseba Andoni Fernández:

Elorriokoa da eta gizarte-integratzailea da. "Arlo horretan trebatzen jarraitzen du profesionalki hazten jarraitzeko", gehitu dute. Oraingo lanpostura iritsi aurretik, tailer batean eta biltegi batean lan egin zuen. Duela 8 urte hasi zen Podemos/ Ahal Duguko militante aktibo moduan, eta beste pauso bat ematea erabaki du Elorrioko alkatetzarako hautagai aurkeztuz. “Elorrion, urteak dira herritarrek sentitzen dutela ez zaiela entzuten ez eta gutxi batzuen interesetarako politikak baino ez direla egiten”, adierazi du Fernandezek.

Iker Mojón:

22 urteko ermuar gaztea langile-familia bateko kidea da. Bizitza osoan izan da bekaduna, bere familia egoera dela eta. Horri esker, Kazetaritzan, Publizitatean eta EHUn graduatu da. Bere esperientziaren ondorioz, zerbitzu publikoen garrantzia baloratu eta ezagutu du. Ostalaritzan lan egin du eta hainbat komunikabiderekin kolaboratu du. Gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemos- IUko batzarkide-taldean lan egiten du komunikazio aholkulari gisa. “Unibertsitatean sartu nintzenean, injustizia sozialei aurre egiteko informazioa tresna gisa erabiltzearen ideiak bultzatuta egin nuen. Ildo beretik, Ermuko alkatetzarako Podemoseko primarioetarako hautagai bezala aurkezteko pausoa ematea erabaki dut”, azaldu du Mojonek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!