Urkiolan, Trabakuan, Muniketan eta Goiurian txirrindularientzako informazio-seinaleak jarriko dituzte

Anboto 2022ko abu. 11a, 14:13
Urkiola mendate hasiera, Mañarian.

Seinaleek igoera bakoitzaren datu nagusiak emango dituzte; altitudea, luzera, desnibela...

Bizkaiko Foru Aldundiak txirrindularientzako informazio-seinaleak jarriko ditu Bizkaiko foru errepide sareko 47 mendateetan, kirol hau egiten duten pertsonek egiten dituzten igoeren ezaugarri nagusiak ezagutu ditzaten. 

Ohar batean jakinarazi dutenez, seinaleak portuaren hasieran (isurialde bakoitzean, hala badagokio) eta gailurrean egongo dira, igoeraren datu nagusiak erakutsiz: luzera, kota goreneko altitudea, desnibela, batez besteko malda eta gehieneko malda. Gainera, igoera bakoitzaren hasieran eta amaieran dauden seinale horiek mugarri kilometrikoekin osatuko dira, gailurreraino geratzen den distantzia eta dagokion kilometroaren batez besteko malda adieraziz.

Durangaldeko hainbat mendate daude tartean: Urkiola (Mañariatik), Trabakua (Berrizetik), Muniketa, (Iurretako Arriandi eta Muxikako Ibarruritik) eta Goiuria (iurretatik)

Seinaleak 2023an hasiko dira jartzen, eta erraz identifikatuko dira kolore gorriagatik, baina sei mendate horiz seinaleztatuta egongo dira; Frantziako Tourreko bi etapetako igoerak dira. Horiz seinaleztatuta egongo diren mendateen artean Trabakua dago. Izan ere, Tourreko hirugarren etapa, Zornotzan hasiko dena, handik igaroko da.

Mendateen ezaugarriak

Bizkaiko errepide-sarean banatutako 47 mendateetatik, altueratik handiena Urkiolak du: 769 metro. Bere atzetik datoz Ubal (638 metro) eta Barazar (607 metro). 

Garaiera handienaz gainera, Urkiolak du desnibel handiena (579 metro), Ubalek 482 eta Dimak 454. 

47 mendateetatik 15ek % 10etik gorako gehieneko maldak dituzte, eta Paresi mendatea da (Busturiatik barrena) arrapala gogorrena duena: % 15,2koa. Urkiolak %13,1era arteko maldak ditu.

Batez besteko maldei dagokienez, Bikotx-ganek (Arteatik) eta Urkiolak % 8,8ko maldak dituzte, 4.760 eta 6.020 metroko ibilbidean, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!