Durangaldeko herrietan zein emaitza jaso dira?
Abadiño, Zornotza, Elorrio, Durango, Mañaria eta Zaldibar dira herriak. Ermua ere Durangaldean sartzen da. Azken hamaika urteetan esan daiteke Durangaldean erabilerak gora egin duela, %5eko igoera, hain zuzen ere. Atentzioa deitu didan beste datu bat da adin talde guztietan egin duela gora, batez ere haur eta gazteen artean. Datu hori poztekoa da. Interpretazio pertsonal legez, ez nuen espero halako daturik.
Beste zein ondorio atera daiteke?
Joera orokorragaz bat eginez, emakumezkoen erabilera gizonezkoena baino altuagoa da, eta, gainera, bien arteko arrakala handitu egin da azken urteotan. Badago beste datu bat orain aztertzen hasi garena. Aurreko kale neurketetan ez da egin, baina oraingoan bai. Durangaldean, beste hizkuntzen kale erabilera %2,5 da. Adinari dagokionez, nagusi bat eta ume bat daudenean erabilerak gora egiten du, baina adin berekoen elkarrizketetan behera egiten du. Hala ere, batez beste gora egiten du.
Herri batzuetan, udalak horrela eskatzen duen kasuetan, ikerketa sakonago bat egiten da. Durangaldean zein herritan egin da hori?
Zaldibarren eta Ermuan. Datu horiek ez dira jakinarazi oraindino. Pena da Durangok eta Elorriok azterketa sakonago bat egin ez izana. Orain dela urte batzuk egin zuten ikerketa. Durango eskualde burua da eta datu horiek jakitea klabea da. Datu garrantzitsuak dira esku-hartzeak erabakitzeko.
Klusterrak zein egiten du kale erabileraren neurketa?
Espazio irekietan berbetan dabiltzan hiztunen jarduna behatzen da. Neurtzaile batzuk egoten dira, sei orduko behaketak egiten dira. Ikerketa hau 2021eko irailaren erdialdean hasi eta urriaren amaierara arte egin zen. Kaleetan eta plazetan egoten gara, eta jasotzen diren datuak zerbitzari batera bidaltzen dira, mugikor baten bitartez. Mugikorragaz diskrezio handiagoz lan egin daiteke. Adin tartea, emakumea edo gizona den, eta une horretako elkarrizketa zein den bereizten da. Ez du euskara maila aztertzen. Elkarrizketak kontabilizatu egiten dira. Neurtzaileek bikoteka egiten dituzte behaketak. Iaz, horretarako prestaturiko 340 neurtzaile ibili ziren kale neurketak egiten.
Datu hauek jakinda, zein sentsaziogaz geratzen zara?
Datuak okertu egingo zirela uste nuen. Aurkezpenean entzun genuenean batez beste antzera geratu direla, lasaitasuna hartu nuen bere momentuan. Datuak sakonago aztertzea komeni da, baina ez dira txarrak. Bost urtean antzera geratu gara, baina botilaren parabola erabili daiteke, eta botila honek itoginak ditu. Itogin horiek estaltzen joan beharko dugu. Horixe da sentitu dudana. Bestalde, euskaldunagoak diren guneetan beheranzko joera bat dago erabileran. Haur eta gazteen erabilerari buruzko datuak ere azpimarratuko nituzke. 'Gazteek ez dute euskaraz egiten' esaten dugu askotan, eta egiten dutela ikusi dugu. Gazte horiek euskaraz egiten jarraitzea da erronka. Horretarako inflexio puntu batean egon gaitezke. Orain, erabilera indartzeko beste zer egin daitekeen pentsatu beharko genuke.