Soziolinguistika Klusterrak kaleratu berri ditu 2021eko hizkuntzen kale erabilera datuak, eta ekainaren 22an, asteazkena, Bilbon egin zuten Soziolinguistika Jardunaldian eman zuten horien berri. Hainbat lerroburu utzi dituzte datu horiek, eta besteak beste, Durangaldeko herrietako kaleetan euskararen erabilera igo egin dela baieztatu dute datuok. 2021ean egindako kale erabilera neurketan %21,5 izan ziren euskarazko elkarrizketak Durangaldean; hau da, 2016tik hiru puntu eta erdiko igoera izan da eskualdeko kaleko erabileran, eta 2011tik bost puntukoa. 2011an erabilera %16,5ekoa zen.
Bestalde, Euskal Herriko eskualde guztiak aintzat hartuta, hamargarren postuan kokatu da Durangaldea euskararen kale erabilera neurketan. Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, Lea Artibaiko kaleetan entzuten da euskara gehien (%76,1). Eta hurrengo postuetan daude: Urola Kosta (%63,7), Tolosaldea (%55,8) eta Debagoiena (%42,4).
*Soziolingustika Klusterrak Durangaldetzat ondoko herri hauek hartzen ditu: Abadiño, Atxondo, Bedia, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mallabia, Mañaria, Zaldibar eta Zornotzan.
Euskararen kale erabilera eskualdeka (2011-2021)
Euskal Herriko eskualdeak kale erabileraren arabera, 2021