Euskararen bilakaeraren datuak

Hizkuntzen kaleko erabilera aztertzeko ariketa kolektiboa izan da Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Anboto 2022ko eka. 27a, 11:21

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko irudi bat. (Soziolinguistika Klusterra)

Ekainaren 22an egun osoko jardunaldia egin zuten Bilboko Bizkaia Aretoan, 2021eko Hizkuntzen erabileraren kale neurketak utzitako emaitzak oinarri hartuta. 85 pertsonak parte hartu zuten Euskal Soziolinguistika Jardunaldian era presentzialean, eta beste 35 pertsonak jarraitu zuten streaming bidez.

Koldo Narbaiza Bilboko udaleko euskara eta hezkuntza zinegotziak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta hizkuntza-politika sailburuak eta Mertxe Mugika Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eman zioten irekiera jardunaldiari, ezagutza soziolinguistikoak hizkuntza-politiken eta hizkuntza-plangintzen oinarri gisa jokatzen duen papera nabarmendu zuten. Era berean, Bilbok eta hiriguneek euskararen biziberritzearentzat duten erronka izaera azpimarratu zuten.

Olatz Altuna kale neurketaren zuzendariak emaitza osagarri batzuk aurkeztu zituen. Eskualdekako kale erabileraren datuen berri eman zuen, adibidez. Gainera, euskararen ezagutza-proportzio parekoak dituzten herrietan kaleko erabilera oso desberdinak neurtzen direnean kontuan hartu beharreko ezaugarriak azaleratu zituen, bi herritako datu errealetan oinarrituta.

Hirigintzaren ikuspegia ekarri zuten Jardunaldira Koldo Telleria, Oihana Santolaria eta Irati Otamendik. Gizarte aldaketek eta politikek hirien osaeran duten eragina azaldu zuten. Eta, beste norantzan, hiri-espazioen konfigurazioak praktika sozialetan duen eragina. Euren hipotesia da hirigintza-ereduak azken 30 urteetan izan dituen aldaketek kaleko hizkuntza erabilerarekin lotura ere badutela.

Hizkuntzen erabilera datuak interpretatzeko oinarri bezala beste hainbat faktoreren deskribapen laburrak ere eskaini ziren Jardunaldian. Ane Ortegak mundu mailan hizkuntzen desagerpena bultzatzen duten joerak zerrendatu zituen, globalizazioa eta neoliberalismoa nabarmenduz. Itxaropenerako zumeak badaudela ere adierazi zuen, mugimendu indigenistak, hizkuntza-aniztasunaren aldeko indarrak eta biodibertsitatearekin loturak, besteak beste. Julen Landak azken hamarkadetako bilakaera demografikoa deskribatu zuen. Biztanleriaren zahartzea eta migrazio saldo positiboak eragindako hazkundea dira deigarrienak. Gainera, prospekzioa eginda, hurrengo urteetan joera hauek areagotuko direla adierazi zuen. Iñaki Iurrebaso soziologoak euskarazko hizkuntza gaitasunaren erradiografia eskaini zuen, ohiko kategoriak erabili beharrean datuak gehiago xehetu eta hobeto ulertzeko aukera eskaintzen duen indizea baliatuz. Euskaraz mintzatzeko gaztelaniaz baino gaitasun altuagoa duen populazioaren proportzioari erreparatuz, kaleetan behatutako euskararen erabilera maila altua dela baieztatu zuen.

Jardunaldiko parte hartzaile guztiek, taldeetan banatuta, tailerretan kaleko erabilera datuak interpretatzeko ariketa kolektiboa egin zuten. Arreta-gune diren gaien artean batzuk hautatu zituzten bozketa bidez, eta hauengan fokua jarri zuten ondoren. Hiriguneetako errealitate soziolinguistikoa, euskararen arnasguneak eta gazteen zein heldu-gazteen kaleko erabileraren arteko kontrastea landu ziren Emun aholkulariek gidatutako tailerretan.

Euskararen erabilerarako baldintzen eta aurrera begirako erronken maila mikroko begirada landu zen mahai inguru batean. Estiñe Astorkiaren galderei erantzunez Eneko Gorrik Ipar Euskal Herriko ikuspegia ekarri zuen. Komunikazio sistema oso baten beharra, pandemiaren eragina, hiriguneen papera eta gazteen euskaltzaletasuna eta aktibazioa izan zituen hizpide, besteak beste. Maialen Iñarrak, berriz, babesgune kontzeptuan ardatu zuen bere ekarpena. Euskaraz mintzatu ahal izateko gune seguru eta erosoak sortzeari berebiziko garrantzia eman zion. Hizkuntza-praktikagatik epaitua izateko arriskurik gabeko guneak, kirol taldeetan bezala, lagun taldeetan, lantokietan edo beste hainbat eremutan bermatzea seinalatu zuen erronka gisa.

Bigarren mahai-inguruan, erabilerarako baldintza sozial orokorrak eta erronkak landu ziren, Belen Urangaren gidaritzapean. Kike Amonarrizek hiztun komunitate gisa bizi dugun egoeraren ikuspegia eman zuen. Baldintza zailetan eta kontrako indarren artean kaleko erabilera mailak bere horretan eustea nabarmendu zuen. Era berean, hurrengo urte eta hamarkadatan, euskaltzaleak denetariko molde eta eratan antolatzeko eta eratzeko beharra seinalatu zuen: euskara elkarteetan, kultur taldeetan… Xabier Arauzok diagnosietan zintzoak eta zorrotzak izatea eskatu zuen. Egoeraren azterketa zehatzik gabeko baikortasun edo ezkortasun gehiegizkoek norabidean eta erabakietan okertzeko arriskua dakartela seinalatu zuen. Gainera, hizkuntza-politika instituzionalen ezinbesteko osagarri gisa tokian tokiko ehun asoziatiboak zuen funtzioa goraipatu zuen. Imanol Larreak ikerketa soziolinguistikoaren beharra azpimarratu zuen. Egoeraren diagnosiari ematen zaion tonuak egoeran eragiteko baldintzetan izan dezakeen eraginaz hausnartu zuen. Eta euskararen biziberritzearen erronka handien inguruan nahiko adostasun sozial egonez gero, horien pareko politikak eta inbertsioak eskatzen dituztela aipatu zuen.

Egunaren errepaso laburra eginez eman zioten amaiera Jardunaldiri Paula Laita eta Pablo Suberbiolak. Hurrengo urtera arte agurtu zituzten parte hartzaileak, gogoraraziz Jardunaldiaren materialak eta bideoak egun gutxiren buruan eskuragarri egongo direla www.soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!