UEMAk euskararen kale erabilera neurtzeko ikerketa egin du bigarren aldiz. Tolosaldeko sei udalerritako egoera eta Mankomunitateko parte diren 87 udalerrietako egoera aztertu du 2021ean zehar. Tartean, Atxondo, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Otxandioko euskararen kale erabilera. Azterketak hainbat joera argitu ditu. Garrantzitsuena, honako hau: euskararen erabilerak behera egin du euskaldunak gehiengo nabarmena diren udalerrietan. "Neurketak erakutsi du euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin duela euskararen erabilerak", ondorioztatu du UEMAk kaleratu berri duen txostenean. Zehatz esanda, erabilera hiru puntu jaitsi da, %82tik %79ra. Eta euskaldunak %90 baino gehiago diren herrietan ere, beste horrenbeste. Erabilerak hiru puntu galdu ditu, %86tik %83ra pasata. Dena dela, azterketak bestelako joera baikorrago batzuk agertu ditu. Euskaldunak %60 eta %80 bitartean diren herrietan, euskararen erabilerak gora egin du. Puntu bat igo da.
Desberdintasunak adin tarteka
UEMAk ondorioztatu duenez, adin tarte bakoitzari dagokion "joera nagusia" honako hau da: herritarrak zenbat eta helduago, orduan eta euskararen erabilera gutxiago. "Salbuespena adinekoetan dago, edadetuen erabilera zerbait handiagoa baita heldu nagusiena baino". Bestalde, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (elkarrizketen %76 euskaraz egin ohi dute) eta heldu nagusiek gutxien (kaleko hizkuntza erabileraren %50). UEMAk duela bost urte egin zuen lehenengo ikerketa. 2017an. Eta azpimarratu du adin tarteei dagokienez, ez dagoela "diferentzia oso nabarmenik". "Gazteen erabilera jaitsi egin da (-1,6), eta adinekoena ere bai (-1,3); euskararen erabilera areagotu egin da, berriz, umeetan (+0,6) eta helduetan (+1,1). Gorabehera horiek izan arren, joera nagusia bere horretan dago: umeen erabilera da handiena, eta adinean gora joanda, pixkanaka jaitsiz doa", adierazi du UEMAk.
Arriskuak badira
"Udalerriko euskaldun dentsitateak zerikusi zuzena du erabileran, datuek erakutsi dutenez: euskaldun gehiagorekin, erabilera handiagoa da. Espero izatekoa da. Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat", azpimarratu du UEMAk. Dena den, arriskuak badirela gainerau du: "azken urteetan ohartarazten ari garen eran, ezin da pentsatu euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik", ohartarazi du UEMAk. Txosten osoa bere web orrian dago eskuragarri.