Presoen Euskara Irakasle Taldeak "bermeak" eta "eskubideak" eskatu ditu kartzeletan euskara ikasten ari diren euskal presoentzat. Taldeak Durangon egindako agerraldian azaldu duenez, momentu honetan 33 euskal preso daude euskara ikasketetan matrikulatuta. Irakasleek tutoretza lanak egiten dituzte, modu boluntarioan, eta adierazi dute eskola horiek "baldintza penagarrietan" eskaini behar izaten dituztela. Eskolak "lokutorioetan" ematen dituzte, euren berbetan, "boligraforik eta paperik gabe, entzumenak lantzeko inolako baliabiderik gabe". Horrez gainera, idazlanak eta zuzenketak "posta bidez eta senideen bitartez helaraziz" lantzen dituzte, "lagunen bisita zerrendan leku bat" eurentzat hartuta. Hori dela eta, eskariak egin dizkiete euskal administrazioei: "Euskal presoek euskara ikasteko eskubidea dute, eta euskal administrazioei dagokie berme hori betearaztea. Ondorioz, hainbat arinen bide horretan urratsak ematea exijitzen diegu, dagokionarekin dagozkion hitzarmenak eginda". Irakasle Taldeak "ofizialtasuna" eskatu du euskara ikasketentzat; kartzeletako beste ikasketa batzuei aitortzen zaien "ofizialtasun bera".