Berbalagun programako kideek eta Mankomunitateko ordezkariek agerraldia egin dute eguerdi honetan Elkartegian, Berbalagun programaren 21. edizioa aurkezteko. Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiriberen berbetean, eskualdean "handia" da euskararen ezagutza; baina "erabilera, ez hainbeste". Eta hor ipini gura dute, hain zuzen ere, "fokua". Elkoroiriberen esanetan, euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko "momentua" da oraingoa.
Bestalde, "euskaldunen arteko sareari eta elkar ezagutzari" bultzada emateko sasoia dela iritzi dio Irati Anakabek, AEKren Berbalagun programako arduradunak. Alde horretatik, ariguneek eskaintzen duten "konfiantza espazioa" goraipatu du, eta gaineratu du denboraldi honetan ere ez dutela hutsik egingo orain arte martxan egondako mendi irteerek, bisita gidatuek, Hiketalagun programak zein irakurketa klubek.
Kopurua handitzen
Berbalagun programan izena emateko epea urrian zabaldu zen eta honezkero 17 izan dira Durangaldean sortutako taldeak. Eskualdeko 100 herritarrek eman dute izena. Bestalde, Garaiko alkate eta Euskaltzaindiko idazkari Erramun Osak gaineratu du euskararen erabilera handitzea "erronka" lez hartu behar dela, horretarako "denbora bat" beharko dela, eta horra ailegatzeko euskara "gozamenarekin eta harreman sareekin" uztartu behar dela.
Berbalagun programan izena eman gura dutenek 639400786 telefonora edo durangaldea@aek.eus helbidera idatzi dezakete.