2021eko urtarrilean, 55 urte bete dira Rikardo Arregik helduen euskalduntze eta alfabetatzean eragiteko gutuna idatzi zuela. AEK-ko ordezkariek azaldu dutenez, "ekimen biek ekarpen handia egin diote euskararen ezagutza eta erabilerari, eta AEKn oso argi dugu Rikardo Arregiren bultzada horri eskerrak garela garenak: euskararen aldeko ekintzaile, irakasle eta militante".
Korrikarik barik
Korrika antolatu barik, AEK-k bere ekarpena egin gura izan du euskara plazara ateratzeko. Korrikaren amaiera eguna izan beharko zukeen egunerako bertarako, martxoaren 28rako, ekitaldiak antolatuko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, momentu berean. Ekimenaren leloa Bultza euskaltegiak, bultza euskara izango da. Durangaldeari dagokionez, Zornotzako Zelaieta Plazan, Durangoko Santa Ana Plazan eta Elorrioko Plazan batuko dira. Besteak beste, bertsolariak eta grafitigileak egongo dira. Guztietan, AEKren mezua irakurri eta Euskal herrian Euskaraz abestia kantatuko dute.