Sabina Méndez Durangaldeko Podemos-Ahal Duguren bozeramaile berria

Anboto 2020ko abe. 17a, 14:06

Durangaldeko Podemos- Ahal Duguk Sabina Méndez berriztarra aukeratu du eskualdeko bozeramaile lez. Orain arte, Patxi Lakuntza durangarrak izan du kargu hori. 

Alderdi moreak azaldu duenez, Méndez alderdiaren ordezkari publiko eta instituzionala izango da eskualdean. Horrez gain, berriztarrak alderdiaren jarduerak ere koordinatuko ditu. "Ilusio handiarekin egiten diot aurre karguari. Uste dut oso une berezia dela Podemosen, militanteen aldeko apustu sendoa egin baitugu. Militantzia horrek ematen dio forma eta zentzua gure alderdiari", azaldu du Méndezek. 

Alderdiko kideek azaldu dutenez, berriztarrak ikuspegi integratzaile eta feminista emango dio alderdiari, "emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna" da eta. 

Bestalde, Durangaldeko Podemos-Ahal Duguk koordinazio kontseilua ere berritu du. Epi Sanchez feminismo arloko arduraduna izango da eta Alfonso Arroyo komunikazio arduraduna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!