Azken hileotan bortizkeria nabarmenagoa bilakatu da. Osasunaren izenean, kontrol soziala eta askatasunen murrizketa dakarten neurri politikoak hartu ditu goi-burgesiak, langileon bizi baldintzak kaskartuz.
Oraingoan ere, emakume langileok bereziki kolpatuak izan gara. Gure bizi baldintzak okertzeaz gain, gugan erortzen den etxeko lanen zama areagotu da. Gainera, egoera honek testuinguru ezin hobea sortu du indarkeria matxista ugaritzeko. Pobretzeak indarkeria areagotzea eragin baitu, eta etxeratze aginduak eta mugikortasunaren murrizketek egoera horietatik ihes egiteko aukerak mugatu dituzte.
Indarkeria matxista ez da fenomeno isolatua, kapitalismoaren biziraupenerako beharrezkoa da. Emakumeok balio gutxiagoko subjektu izatea, gure lana merkeago saltzea, etxeko lanak gure ardura izatea eta aitortza politiko gabe sozializatuak izatea ahalbidetzen du, kapitalari etekina sortuz.
Hala, kapitalismoa emakumeon askapenerako muga da. Horregatik, estatuaren erakundeen bitartez ez da biolentzia matxista amaituko. Emakume langileon askapenerako ezinbestekoa da gaurdanik antolatu eta inolako zapalkuntzarik existituko ez den gizarte eredu batera bidean pausoak ematen hastea. Helburu horrekin jaio da ITAIA.