Tamalez, badirudi koronabirusak ekarritako testuinguruak Euskaraldiko izen-emateei eragin diela. Durangaldeko herrietan, behintzat, orain urte biko edizioan baino lagun gutxiagok eman dute izena. "Beherakada igarri dugu. Ez dakit koronabirusak eragindako egoera honi zor zaion, baina egoerak ez du lagundu. Gogo falta moduko bat igarri dugu, eta izen-emateak Internet bidez egiteak egitasmoari hurbiltasuna kendu diolakoan gaude", azaldu dute Zaldibarko Euskaraldiko arduradunek. Egoera hori gainerako herrietan ere islatu da. Abadiñoko taldeak antzeko interpretazioa egin du. Baita Zornotzakoak ere.
Izen ematea zabalik
Dena dela, inork ere ez du esperantzarik galdu. "Egitasmoan izena emateko epea azaroaren 24ra arte luzatu da eta baliteke azken egunetan izen emate kopurua nabarmen handitzea", esan dute Durangotik. Berriztarrek, adibidez, kopuruari eutsi diote. Orain urte biko edizioaren pareko izen ematea lortu dute. "Ez genuen halakorik espero, eta pozik gaude alde horretatik", esan dute.