Ekonomia eta enplegua suspertzeko indarrak batu dituzte Amankomunazgoak eta Durangaldeko Enpresarien Elkarteak

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 23a, 14:56

Enplegua eta ekonomia suspertzeko ituna sinatu dute gaur Amankomunazgoak eta Durangaldeko Enpresarien Elkarteak. Akordio horretatik enpresa berriak sortzeko prestakuntza ikastaroak eratorriko dira. Autonomoak eta Enpresa Txiki eta Ertainak finkotzeko zerbitzuak ere landuko dituzte, besteak beste.

Amankomunazgoak eta Durangaldeko enpresarien elkarteak norabide berean egingo dute arraun. Ekonomia berreskuratzera eta enplegua sortzera bideratuko dituzte indarrak, eta horretarako ituna sinatu dute gaur Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak eta Pablo Pontes Durangaldeko Enpresarien Elkarteko presidenteak.

Oinarrian hiru izango dira aurrerantzean landuko dituzten lan-ildoak. Batetik, enpresak sortzeko prestakuntzak eskainiko dituzte. Ikastaro horietako bi autonomoei eta Enpresa Txiki eta Ertainei zuzenduta egongo dira. Bestetik, Ekintzailetzaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 16a) elkarrekin ospatzea adostu dute. Azkenik, Durangaldeko enpresei ikusgarritasuna emateko borondate hartu dute. Elkoroiribek nabarmendu du enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea izango direla aurrera begirako erronka nagusiak. "Are eta gehiago gaur egungo egoeran".

ERTEak bai, itxierarik ez

Durangaldeko Enpresarien Elkartean 100 bat enpresa daude bazkidetuta. Pablo Pontesek azaldu du oraingoz ez dela negozioa zarratu behar izan duen enpresarik egon, baina aitortu du hainbat daudela "zailtasunekin eta ERTE egoeran".

Behargintzaren uzta

Elkoroiribek eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetza goraipatu du, eta aipamen berezia egin dio Behargintzaren lanari. Iazko datuen arabera, 55 enpresa berri sortu ziren Behargintzako prestakuntza saioei esker. Enplegua sortzen laguntzeko ikastaroetan 45 lagunek jardun zuten, eta beste 108 herritar hurbildu ziren enpresak sortzeko orientazio bila. Bestalde, 5 enpresek jardun zuten jarduera finkatzeko programetan.

LANKIDETZA HITZARMENAREN FAMILIA-ARGAZKIA. Ezkerretik eskumara, Javi Crespo, Amankomunazgoko presidenteordea eta Abadiñoko Udaleko zinegotzia, Daniel Irazola Maristak Durango ikastetxeko Zuzendaria, Eñaut Balier Suministros Mugarra enpresako gerentea, Pablo Pontes Durangaldeko Enpresarien Elkarteko presidentea, Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidentea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Toki Garapeneko Batzordeko presidentea eta Marije Ormaetxea, Behargintzako ekintzailetza-teknikaria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!