Amankomunazgoak Euskaraldian parte hartzera deitu ditu eskualdeko merkatariak eta zerbitzuen sektoreko kideak

Jone Guenetxea 2020ko ira. 21a, 10:29

Merkatari elkarteek eta hainbat establezimendutako ordezkariek bat egin dute euskaraldiagaz.

Durangaldeko Amankomunazgoak dei berezia egin die enpresei, eta batez ere merkataritza eta zerbitzu arloetako establezimenduei, Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin dezaten. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den gizarte arloko ekimena da. 15 egun horietako helburua, eremu guztietan euskararen erabilera handitzea da.

Durangaldeak tokian tokiko batzordeek burubelarri dihardute lanean. "Orain arte, tokiko batzordeek eskualdeko 106 erakunderen babesa lortu dute, baina merkataritzaren eta zerbitzu sektoreen partaidetza lortu gura dugu, herritarren hartu-emanetarako espazio garrantzitsuak direlako eta, ondorioz, bertako profesionalak funtsezko eragileak direlako hizkuntzarekin erlazionatutako ohiturak aldatzeko orduan", azaldu dute Amankomunazgotik.

Helburua, eskualdeko merkataritza eta zerbitzu jardueren partaidetza bultzatzea da. Hori dela eta, Mankomunitateak bigarren edizio honetan parte hartzera eta irailaren 27a baino lehen izena ematera animatu du sektore osoa. "Hizkuntza ohituren aldaketan merkataritza inplikatzea oso garrantzitsua eta beharrezkoa da, harreman zuzena duelako herritarrekin".

Aurten, erakundearen barruan Euskaraldian parte hartzeko bi modu egongo dira. Batetik, euskaraz hitz egiteko ariguneak sortuko dira, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte hartuko den arren, ariketa modu kolektiboan egingo da. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin diren kideak daude, eta, iaz bezala, banaka hartuko dute parte belarriprest eta ahobizi rolekin.

 Alde horretatik, eta Covid-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren egoeraz jabetuta, Durangaldeko Mankomunitateak esker on berezia helarazi die Euskaraldiaren bigarren edizio honetan parte hartuko duten erakunde guztiei, hain une zailean euskararen alde egindako ahalegin erantsi horrengatik.

Ariguneak sortuz

Arigune bat duten era guztietako erakundeek (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak ...) parte hartu ahal izango dute. Gune horiek uneoro bermatuko dute euskaraz berba egiteko aukera, erakundearen barruan edo herritarrekin duten harremanean. Helburu nagusia erakunde horien barne eta kanpo harremanetan euskararen erabilera areagotzea da.

Informazioa behar edo Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu gura duten erakundeek Durangaldeko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo dezakete (946278640 / euskara.mdurango@bizkaia.org), eta baita udalerri bakoitzera ere:

  • Abadiño: euskaraldiaabadiano2@gmail.com

  • Atxondo: liburutegia@atxondo.eus / itzultzailea@atxondo.eus

  • Berriz: euskara@berriz.eus

  • Durango: euskaraldiadurango@gmail.com

  • Elorrio: elorriokoeuskaraldia@gmail.com

  • Garai: euskera.mdurango@bizkaia.org

  • Iurreta: euskaraldiaiurreta@gmail.com

  • Izurtza: alkatea.izurtza@bizkaia.org

  • Mañaria: kultura.manaria@bizkaia.org

  • Zaldibar: zaldibar@euskaraldia.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!