Izen-ematea martxan
Durangaldeko herrietan, Euskaraldia lantzeko batzordeak lanean ari dira. Izan ere, azken txanpan sartu dira entitateek izena eman dezaten.Irailaren 27ra arte dago apuntatzeko aukera, euskaraldia.eus webgunean izena emanda edo bakoitzari dagokion herriko batzordeagaz hartu-emanean ipinita. COVID-19ak sortutako egoerak batzordeen lan erritmoan eragin duen arren, eskualdeko batzordeak ahalik eta entitaterik gehienei informazioa helarazten ari dira azken egunetan.
"Oso harrera ona izaten ari gara. Dendari eta ostalari askok eskertu egin digute proposamena egitea, gune naturalak dira-eta euskaraz aritzeko. Entitateen argazkia anitza da. Kirol taldeak, ikastetxeak, kultur elkarteak...", azaldu du Mertxe Mujika Elorrioko batzordeko kideak. 35 entitatek eman dute izena Elorrion. Zornotzan, batez ere komertzioetan eragin gura dute. "Batzordekideak oso inplikatuta daude, eta herria guneka banatu dugu komertzioetara informazioa ematera joateko", gaineratu du Lexuri Sanzek. Zaldibarko batzordean ere gaia lantzen ari dira eta dagoeneko 9 entitatek eman dute izena. Berrizen, Abadiñon, Otxandion eta Mallabian ere ariguneak sortuko dituzten entitateekin dabiltza lanean.
EUSKARALDIAN IZENA EMAN DUTEN ERAKUNDEEN KOPURUA DURANGALDEAN: • DURANGO: 45 • ZORNOTZA: 42 • ELORRIO: 35 • ZALDIBAR: 9 • BERRIZ: 6 • ABADIÑO: 4 • OTXANDIO: 2 • MALLABIA: 2 |