Ezohiko buelta eskolara

E.H./J.G. 2020ko ira. 4a, 09:15

Ikasturte hasiera urduritasunez bizi izaten den sasoia da. Gela edo irakasle berria, ikasgai gehiago... Aurten, aldaketa horri koronabirusaren prebentziorako neurriak gehitu beharko zaizkio. Eusko Jaurlaritzak arau orokor batzuk eman ditu. Sei urtetik gorako haurrek maskara ipinita eraman beharko dute gelan. Arau berrietara ohitu beharko dira, bai ikasleak, irakasleak eta baita familiak ere. Beraz, maskaraz gainera, motxilan pazientzia dosi handi bat ere sartu beharko da.

Jaurlaritzak aurreratu duenez, "ikastetxe bakoitzak arduradun bat izango du COVID-19agaz lotutako alderdiak lantzeko". Era berean, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua). Ikasle edo irakasle batek COVID-19agaz bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. Jaurlaritzak dioenez, azkenean kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere erreferentziazko ESI-agaz hartu-emanetan ipiniko da, eta "uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira".

Neurri hauek nahikoa ez direla iritzita, sindikatu guztiek greba deialdia egin dute hezkuntzan, irailaren 15erako.  Deialdiak sare publikoari zein itunpekoari eragingo dio. Langileak aintzat hartu ez izana ere salatu dute sindikatuek.

Testuinguru horretan, ikastetxe bakoitza bere jarduna moldatzen dabil, ikasleak gelara ahalik eta segurtasunik handienagaz bueltatzeko. Idoia Elorriaga iurretarra irakaslea da Traña-Matienako eskolan. Elorriagak dioenez, Hezkuntza Sailak osasun arloko irizpide batzuk eman dituen arren, ardura guztia zentroen esku utzi du: "Erantzukizun guztia ikastetxeengan utzi dute. Zentro bakoitzak kontingentzia plan bat antolatu behar du. Sarrera-irteerak zelan egin, talde egonkorrak zelan sortu, jolas-orduko eta jantokiko denbora zelan antolatu...".  Elorriagak kritikatu duenez, "Hezkuntza Sailak osasunari buruzko irizpideak eman ditu, baina arlo pedagogiari buruz ez du ezer esan". Era berean, kontziliazioa ere ez dela erraza izango aitortu du. "Seme-alabaren bat denbora batez etxean egon behar bada, eta gurasook lanera joan behar badugu, zelan antolatuko gara familiok?", galdetu du. Irakasle eta guraso den aldetik, sei hilabeteren ondoren ume eta gazteek zelan erreakzionatuko duten kezka du.

Idurre Maortua Ikastolen Elkarteko kidea da. Aste honetan bertan batzarra egin dute Hezkuntza Sailagaz. "Momentu honetan ez dakigu Administrazioak egoerak eskatzen dituen baliabide gehigarriak emango dituen ala ez, eta honek kezka eragin digu ikastoloi. COVID-19 birusak berdin eragiten die hezkuntza sistema osoko ikastetxeei, eta horregaitik eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari sistema osoarekiko dituen erantzukizunak bereganatu eta betetzeko. Besteak beste, ikasleen arteko distantzia ezin delako mantendu gela bikoiztu behar denean. Edozelan ere, eskolara bueltaren garrantzia azpimarratu du Maortuak. "Euskararen erabilerak kezka handia sortzen digu. Lehendik ere antzeman genuen jaitsiera bat erabileran, eta egoera honek areagotu egin du, hainbat ikaslek ez dutelako etxean euskaraz egiteko aukerarik. Argi dago hautu metodologikoak aldatu egin beharko direla egoerak hala eskatzen duelako, baina egoera honetatik badugu zer ikasi", esan du Maortuak.

Guraso lez, Maortuak dioenez, "egunean egunekoa bizi beharko dugu, badakigu hau luzerako kontu bat izango dela eta egoerak eskatzen duen horretara moldatu beharko dugula".

Ikuspuntu emozionala
Josu Saetero psikologo abadiñarrak azaldu duenez, "umeei laguntzeko, ikasturte hasieran gertatu daitekeena aurreratzen joan gaitezke. Hau da, azaltzea zein egoera sortu daitekeen, zelan topatuko ditugun klaseak, zer gertatu daitekeen eta abar. Gauzak zelan joan daitezkeen azalduta, ziurgabetasun maila txikitu egiten da eta ezinegona desagerrarazten joan daiteke". Bestalde, umeek sozializatzeko duten beharrizana nabarmendu du Saeterok. "Ongizate emozionala oso lotuta dago sozializazioagaz. Arauak aldatu egin dira, baina sozializazioak aurrera segitzen du. Ez da eten. Jolasak aldatu egingo dira, baina sozializazioak aurrera segituko du, beste era batera bada ere. Eta hori da, hain zuzen, umeek behar dutena”.

Eskolaz kanpoko ekintzak
Ikasturte honetan eskolaz kanpoko ekintzak planifikatzea zaila izaten ari da, bai kirolean, bai hizkuntzak ikasteko, baita arlo artistikoan ere. Alice Doyle Durangoko Pym's ingeles akademiako kidea da. Doyleren esanetan, "eskolarako buelta konplexua izaten ari da. Taldeak osatzen ari gara, baina badira zailtasunak. Gogoa egon badago, baina konplexua da eskolaz kanpoko ekintzak antolatzea", aitortu du irakasleak. "Ingeles klaseak, ordutegi bat izatea, errutina bat markatzea, azken finean, beharrezkoa dela iruditzen zait. Eutsi egin behar diogu. Hau pasatuko da", gaineratu du Alice Doyle ingeleseko irakasleak.

NEURRIAK

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera

  Ikastetxe bakoitzak erreferentziazko Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bat izango du.

Hezkuntza Sailak 1.000 irakasleren aparteko kontratazioa aurreikusten du errefortzu handiagoa behar duten ikastetxeetarako.

HH, LH eta DBH 1 eta 2: irailaren 7an. BH 3 eta 4, eta Batxilergoa: irailaren 15ean.Epaitegitik irtetean, jurain, eta ez dago argi hurrengo berria noiz izango den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!