Hauteskundeak 2020

Helmuga, Gasteiz; abiapuntua, Durangaldea

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 12a, 08:19

Eusko Legebiltzarrerako hautagai politikoek beti izan dute Gasteiz helmuga; baina gutxitan izan dute Durangaldea abiapuntu. Eskualdean ordezkaritzarik zabalena duten hiru alderdietako lehendakarigaiek Durangotik hasiko dute Gasteizerako azken lasterketa. Durangaldean 60.000 herritar baino gehiago daude bozketara deituta. ANBOTOk egunaren jarraipena egingo du web orrian.

Hain zuzen ere, Durangogaz lotura estua dute eskualdean babesik zabalena duten hiru alderdietako hautagaiek. Durangon bizi dira Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia, Maddalen Iriarte Euskal Herria Bilduko lehendakarigaia eta Miren Gorrotxategi Ahal Dugu taldeko lehendakarigaia. Ezinbestean, koronabirusak markatutako lehia politikoa izaten ari da eurena, osasun krisialdiak eta haren ondotik etortzekoa den krisialdi ekonomikoak baldintzatutakoa.

Iñigo Urkulluk koronabirusak eragindako testuinguru nahasia kudeatzeko "tresna argi” modura aurkeztu du EAJ. “Krisiaren lehenengo parteari aurre egin diogu, osasun krisiari. Orain, bigarren parteari heldu behar diogu, ekonomiaren eta enpleguaren krisiari. Noren eskuetan ipiniko dugu herri honen gidaritzari heltzeko erantzukizuna?”, galdetu du Urkulluk kanpainan zehar. Hautagai jeltzaleak Zornotza bisitatu zuen ekainaren 27an, bertan mitina eskaintzeko.

Euskal Herria Bilduk eskualdeko hainbat tokitan aurkeztu du bere proiektu politikoa. Jasone Agirre abadiñarrak, Bizkaiko zerrendaburuak, koalizio subiranistaren proposamena defendatu du. Joan den astean agerraldia egin zuen Durangon Arnaldo Otegigaz batera. "Herri honek arlo nazionalean eta sozialean aurrera egiteko bermea da EH Bildu", esan zuen, eta gaineratu zuen gizarte zerbitzuen "sistema publiko bakarra eta kalitatezkoa" sortu behar dela.

Ahal Dugu taldea buru duen Miren Gorrotxategik ere bisitatu du Durango kanpainan zehar. PSE-EEk, EH Bilduk eta bere taldeak osatu dezaketen balizko koalizio ezkertiar bat sortzeko ideia hauspotu du kanpainan zehar. Baina PSE-EEko Idoia Mendia hautagaiak behin baino gehiagotan errefusatu du ideia hori. Gainerakoan, osasun sistema publikoaren aldeko aldarriak egin ditu Gorrotxategik: "Osasun langileen lana txalotzea ez da nahikoa. Osasun sistema publikoa blindatu egin behar da aurrekontuetan, eta langile kopurua handitzea ere beharrezkoa da".

Eitzaga, kanpainan
Hondakindegiko ezbeharrak oihartzun txikia izan du kanpainan. Carlos Iturgaiz PPko lehendakarigaiaren esanetan, Ertzaintzaren txostenek "zantzu kriminalak" egon daitezkeela diote. Maddalen Iriarteren esanetan, kudeaketa eredu bat apurtu du Zaldibarkoak. "Agerian geratu dira kontrolik eza eta interes ekonomiko pribatuak. Premiazkoa da eredua aldatzea", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!